Herri Urrats-ik ez da egingo maiatzaren 10ean

Bizkaie! 2020-04-03 12:14   Euskerea berbagai

Ibilaldia eta Araba Euskaraz be ez dira ohiko sasoietan egingo.

Herri Urrats eta udabarriko jaiak ardatz hartuta, Ikastolen Alkarteak, Seaskak eta Herri Urratsek gaur egindako hitzorduan adierazo dabe aurten Herri Urratsik ez dala egingo maiatzaren 10ean. Koldo Tellitu (EHI), Peio Jorajuria (Seaska) eta Beñat Bidegain (Herri Urrats) izan dira saio telematikoan.

Koldo Tellitu Ikastolen alkarteko buruak ondokoa esan dau: saminez hartu behar izan dogu erabagia. Gaurko deialdia berezia da. Ikastolen Alkartetik dei egin deutsuegu, ikastolen jai guztien izenean eta Seaskako eta Herri Urratseko arduradunak be hemen dagoz, eurek antolatzen dabelako egutegian agiri dan ikastolen lehenengo jaia. Pentsatuko zenduen moduan, ez gatoz ikastolen udabarriko jaiak aurkeztera. Kilometroen eredu barriari jarraituz aste honeetarako antolatuta genduzan Milimetroak jaiak bertan behera itxi behar izan genduzan. Modu berean, ezin izango ditugu udabarriko jaiak be egin iragarritako hitzorduetan.

Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz ez dira udabarrian ospatuko. Saminez hartu behar izan dogu erabagi hau, ez egoan beste urtenbiderik. Euskal Herrian eta munduan maiatzerako eta bagilerako antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu edo atzeratu egin badira, ezinezkoa zan gu salbuespena izatea. Egun beste lehentasun handi batzuk ditugu, gizateria eta gizarte mailakoak, eta larrialdi egoera global hau amaitu bitartean, ezingo dogu ospakizunik egin, are gitxiago ikastolen jaien tamainakorik.

Udabarrian, beraz, ez ditugu gure jaiak ospatuko. Baina ez dira bertan behera geratuko. Guretzako jaiok oso garrantzitsuak dira. Auzolanaren bitartez ikastolakideon artean hartu-emonak estutzeko erabilten ditugu, euskal kultureari bost plaza handi eskaintzen deutsaguz, euskereari bozgorailu handi bat jarten deutsagu, eta, era berean, hainbat proiektu aurrera eroateko dirua lortzen dogu. Ikastolen Alkartearen barruan, beraz, bost jaietako arduradun eta ikastola antolatzaileakaz batera, aztertzen gabiz Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz jaiak beste egun batzuetara eroatea. Gatxa da, udagoiena bitartean, orduan be beste jai bi baitaukaguz ikastolok. Egun edo aste batzuk hartuko ditugu hau dena taldean aztertu eta erabagiak hartzeko. Talde mailan hartuko ditugu erabagiak eta jakinarazoko deutsueguz. Uneotan, lehen esan bezela, beste lehentasun handi batzuk ditugu. Baina, era berean, ezin ditugu ahaztu, hiru jaiok udabarrian ospatu eitezan lanean buru belarri ibilitako boluntario andana, gure jaietan parte hartzeko konpromisoa hartu eben kantari, musikari, jantzari, pailazo eta artista guztiak, azpiegituraz arduratzen diran guztiak, gure babesleak. Guztiei eskerrak emon nahi deutseguz eta guztiak aintzat hartuko ditugu udabarriko jaiok beste data batzuetara eta, akaso, beste formatu batzuetara eroaten ditugunean. Konfinamendua amaitzen danean, pixkanaka normaltasunera bidean jarten garenean, urratsez urrats hartuko dira neurriak eta esperantzea dugu gozetarik izango ez dogun udabarri honen amaieran arnasa hartu eta barriro be kale, plaza, mendi, baso, hondartza zein itsasoaz gozetako aukerea izango dogula. Gure kasuan, desietan gagoz, askatasun barri horretan gure poza zuokaz konpartiduteko, gure jaiak zuei eskaintzeko, alkar ikusi eta besarkatzeko. Eskerrik asko.


Beñat Bidegain, Herri Urratseko buruak be pena adierazo dau: COVID-19 krisia garaian gira eta pena handiarekin, Herri Urrats alkarteak jakinarazo nahi dau aurten ikastolen jairik ez dogula maiatzaren 10ean egingo. 1984tik urtero maiatzan ospatu izan da Herri Urrats eta lehen aldia da ezeztatzea behartuak garela.

Konzientzia osoz hartutako erabagia da. Iparraldeko hitzordu nagusienetakoa da, milaka lagun batzen dira urtero laku inguruan eta jetdearen osogarriaren onerako, bertan behera ixtea erabagi dogu. Antolatzaile, artista, hornitzaile, laguntzaileeta parte-hartzaile guzien ondo izatean pentsaurik.

Akaso, maiatzaren hasieran, konfinamendu garaia amaituta egongo da, baina halan balitx be, argi dago maiatzaren 10a goizegi dala bapatean milaka eta milaka pertsona alkartzeko Senpereko laku inguruan. Gaur egun, debeku edo abisurik ez dogu jaso, ez osasun zerbitzutarik, ezta Estaduko ordezkaritzatik. Erabagi hau Herri Urrats alkarteak berak hartutakoa da, Seaska, eta Euskal Herriko Ikastolen erabagiz.

Baina Herri Urrats ezinbestekoa danez, Herri Urrats egingo da. Alkarteak pentstu dau ekitaldia udagoienaren hasieran edo egin daitekeela baina momentuko datarik ez dogu.


Nagore Fernandez, Herri Urratseko talde antolatzaileko kidea: Animazino egitarau osoa eta eskuorria prest, kantu eta bideoklipa prest, hornitzaileen eskaerak aurreikusiak, lan taldeak martxan, hainbat enpresen partaidetzak lortuak... Dana prest geunkan maiatzaren 10eko, baita gastu batzuk aurreratuta be.

Hainbat gastu, 
hainbat bilkura ordu, hainbat guraso itzaleko lanetan eta orain dana zintzilik. Herri Urratsen izenean eskertu nahi ditugu lan eta ibilitako gurasoak eta laguntzaileak.

Ikastolek Herri Urratsen beharra dabe, segidu daigun lanean!

 

GAKI GE

Horixe da aurten, maiatzaren 10ean egitekoa zan jaiaren goiburua (bagoaz Senpere inguruko euskalkian). Goiburu horregaz, herritarrei mobiduteko eskaria egin gura eutsen antolatzaileek. Gaki ge Herri Urratserat ikastolek eta euskereak Ipar Euskal Herrian behar daben babesa eskaintzeko, Gaki ge geure geroa euskeraz eregiteko. Gaki ge Brebeta eta Baxoa euskeraz izan daitezan. Gaki ge euskerearen ofizialtasuna lortzeko.

GAKI GE lemeak soinu orientala dauen bgez, logoak be grafismo orientala dakarsku gogora: Batzuek jantzari bi ikusten ditue irudian. Lauburu bat eta ikurrina bat be atzemon daitekez. Irudimena bururaino eroanez, ordenagailu mobikor bat be ikus daiteke, euskerea, bizitako arlo guztietara, eremu erreal eta birtualera be zabaltzerat gaki ge!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu