Ron Carter eta Cyrille Aimée Getxoko Jazzaldian izango dira
2020-04-03 11:02 MusikeaGaragarrilaren 1etik 5era egingo dabe aurtengo edizinoa.
Euskal jazz jaialdien denporaldia gero eta hurrago dago, udeagaz batera helduko dira jazz doinuak geurera. Jakina, Covid-19 gaixotasunak baimena emoten badau, baina Getxoko Kultur Etxeak ez dau atzeratzearen inguruan ezer esan, eta dagoeneko goi mailako musikari bi lotuta ditu ordainpeko kontzertuetarako: Ron Carter eta Cyrille Aimée.
Getxoko Jazzaldiaren 44. edizinoa garagarrilaren 1etik 5era egingo dabe, eta egitarauan 17 saio egongo dira. Hil horren 2an, eguenean, Cyrille Aimée frantziar-dominikar abeslaria etorriko da, jazzean etorkizun handia dauen artistea. Garagarrilaren 4an, zapatuan, jazz-kontrabaxuaren izen handienetariko baten, Ron Carterren, txandea izango da.
Horreek kontzertu biak, ordainpeko guztien moduan, Muxikebarri aretoan egingo ditue. Ganerako emonaldiak Algortako Geltokia plazan eta Musika Eskolako Kristalezko Kioskoan izango dira. Sarrerak erosteko epea laster zabalduko dauela dino Getxoko Kultur Etxeak.
Cyrille Aimée (Fontainebleau, Frantzia, 1984) etorkizun handiko musikaritzat joten dabe adituek. Dagoeneko sari ugari emon deutsiez, esate baterako, 2007ko Montreux Jazz Festival eta 2012ko Sarah Vaughan International Jazz Competition lehiaketetakoak. Inprobisazinoa gustuko dauela erakutsi dau bere ibilbidean. Move On-A Sondheim Adventure da bere azken diskoa, Stephen Sondheim musikagilearen omenezko lana.
Ron Carter (Ferndale, AEB, 1932) jazzaren historiako kontrabaxu jolerik ospetsuenetako bat da. Bere ibilbide luze eta oparoan, 2.500 grabazino baino gehiago egin ditu eta hainbat belaunaldiren eredu izan da. Eric Dolphy eta Don Ellisegaz hasi zan musikan 1960ko hamarkadan. Miles Davisen boskote mitikoan ibili zan gero eta beste artista askoren alboan be jo dau, adibidez, Gil Evans, Freddie Hubbard, Quincy Jones, Roberta Flack, Antonio Carlos Jobim, Herbie Hancock eta McCoy Tyner.
Beste alde batetik, Getxoko Jazzaldiko talde lehiaketan 15 herritako 64 taldek hartu dabe parte. Horreetatik lau aukeratu ditu epaimahaiak, eta zuzenean joko dabe Getxon, garagarrilaren 1etik 4ra. Víctor Jiménez & Friends (Espainia), Alex Monfort Trio (Frantzia), Emma Nagy Quintet (Hungaria) eta Michelangelo Sandroglio (Italia) dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!