Iratxe Aguilera (Kai Nakai): 'Reggaetoia eta euskerea buztartzea da gure asmoa'
2020-04-06 08:09 BarriketanAbeslaria.
2019ko Durangoko Azokan ezagutu genduzan Iratxe Aguilera eta Chickjuarez, izan be, bikoteak irabazi dau musikea ardatz dauen II. Sormen Bekea Da!. Epaimahaikoek nabarmendu dabe estilo nahasketa orekatua atzemon dabela, ahots personala eta konpromiso zein arazo sozialak jorratu dituela, alde feministea ahaztu barik, ideak argi eta euskerea sustatzeko asmoz pentsautako proiektua. 15.000 euroko saria da Durangoko Udalaren lankidetzeari esker datorrena.
Kai Nakai taldea beharrean dabil dagoeneko eta Kolpe, euskeraz egindako lehenengo perreo estiloko kantua entzun zeinkie hemen. Era berean, Kelokentoky kantua be ezagutu dogu, euskerazko tartea dauen arren, gaztelaniaz kantautakoa; Gasteizko jaiak eta bertako taberna bat aitatzen da hor, hemengo gazteen gaueko parranda eta jantza giroaz, perreoaz.
Bekearen harian, kultur sorkuntzearen barruan, Durangoko Azokako diziplinak izango dira kontuan: literaturea, musikea, arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak. Aurkeztuko diran proposamenetan diziplina bakarra edota diziplinen arteko buztarketea izan daiteke. Baina, deialdi bakoitzean diziplina bat hartuko da oinarritzat.
Sormen Bekeak euskerazko kultur produktu baten sorkuntzea hasieratik amaierara lantzen laguntzeko ametsa dauka eta, esangura horretan, Etzi Portu Maritimoko kideek euskeraz sortutako rol-joko batek irabazi eban orain urte bi lehenengo Sormen Bekea, ATOPIArpg, hain zuzen be, errealidadean ikusitako gauzetan oinarrituta eta Euskal Herri arraroaren aldarrikapena eginez.
1.- Kai Nakai izen artistikoa aukeratu dozu. Zer adierazo gura dozu izen horregaz?
Indartsua da. Kai Nakai-k parte bi daukaz: Kai-k, euskal identidadea adierazoten dau, kaia berbatik dator; baina ez danez oso izen ohikoa, polita eta originala iruditu jakun.
Beste alde batetik, Nakai, berba biren nahasketatik dator eta esanahia ondokoa da: goxoa ta bihurria, neure izakereari erreferentzia eginez.
2.- Ze musika estilo darabizue, urbanoa, rapa, perreoa, twerkinga?
Musika urbanoa egiten gabiz, batez be, reggaetoia.
3.- Chickjuarez be tartean da eta Kolpe izeneko bideoan beste neska eta mutil batzuk be ikusi doguz. Nortzuk zarie taldekideak?
Kai Nakai taldean Iratxe Aguilera gasteiztarra da abeslaria; halan da be, proiektu hau ez litzateke posible alboan dodan talde profesionala egongo ez balitz, izan be, danok ezinbesteko zeregina dogu taldean.
Musikearen ardurea Chickjuarez produktore mexikarrarena da; berak musikea eta melodiak sortzen ditu, reggaetoian aditua da eta genero latinoamerikarraren erritmoak inork baino hobeto menperatzen ditu. Berbak, barriz, Jon Maia bertsolariarenak dira, genero barri honen berbei kalidadea eta freskotasuna emonez. Julen De La Serna gasteiztarrak ikusentzunezkoak zuzentzen ditu eta tartean Tamara Aravecia daukagu. AnePe Acedo jantzari profesional elorriotarra, taldeko koreografoa da.
Amaitzeko, aurreratuko deutsut, Kai Nakaik Deepsoda diskografikeagaz agitaratuko dau diskoa.
4.- Epaimahaiak musika estilo nahasketa orekatua eta zure ahots personala nabarmendu ditu...
Egia esan gure musikearen kalidadea, talde lanari esker da. Ahots personala, musikea, berbak, artea eta bestelakoak batuta emoitza ederrak sortzen doguz.
5.- Gaien aldetik gorabehera sozialak eta feminismoa jorratuko dozuez? Besterik?
Reggaetoia oso matxistea dala esaten da eta gure ustez arrazoia da betidanik genero hau gizonen menpean egon dala. Horregaitik, aldarrikatu gura dogu emakumeok be genero hori jorratu eta eroso gabizela, gizonek egiten daben moduan. Euskal Herria perreetan jarri nahi dogu gure erritmoakaz, ezelako lotsa barik.
Kai Nakairen berbak feministak izango dira, reggaetoiaren betiko esentzia latinoari eutsiz.
6.- Jatorrizko eta kalidade handiko sormen lan barritzailea eta euskeraz izatea dira baldintza nagusienetakoak. Ze ekarpen egingo dozue euskal musikagintzan?
Euskerazko kantuak izango dira protagonista, izan be, Euskal Herriko musika panorama aldatzen doa eta genero hau oraindino oso landua egon ez arren, orain dator olatu barri hau.
7.- Jon Maia lagun izan dozuela adierazo zenduan aurkezpenean eta haren berbak nabarmendu: euskerearen periferian sortu eta musika eta kultur adierazpenak batzea eta sustatzea da asmoa...
Lehen esan deutsudan lez, gure musikea eta berbak ez dira oso ohikoak, izan be, euskeraz ez dogu holakorik ikusi orain arte eta horregaitik dinogu periferiatik datorrela. Halan da be, reggaetoia, mundu mailan gazteek gehien entzuten daben generoa da eta gure ustez beharrezkoa da Euskal Herrian bertan horri indarra emon eta olatu barri hau sustatzea.
8.- Sormen Bekearen helburua sortzaile barriak (lan bakarra izan zeinkie kaleratuta, CD, maketea, online) babestea da baina gauza jakina da sortzaile gazteen lan eta bizi baldintzak nahikoa urriak eta gogorrak dirala. Zelan ikusten dozuz euskal musikea eta industria?
Nire ustez, hasierak oso gogorrak dira gazte sortzaileentzako. Kalidadeko proiektuak egiteko eta proiektuak kaleratzeko finantziazino behar da eta, esangura horretan, uste dot oso garrantzitsua dala holako bekak egotea sortzaile gazteei aukerea emon eta proiektuak posible egiteko. Nire inguruan musikari eta artista zoragarriak dagoz baina baliabiderik ez badozu gogorik ez izatea edo motelaldia dakar; jente gazteak atzera egiten dau eta ez dago modurik ganorazko lanik egiteko.
9.- 2020ko Durangoko Azokan zer aurkeztuko dozue?
2020ko Durangoko Azokan gure proiektuaren diskoa kaleratuko dogu, zortzi abesti izango dituana. Momentu horretara arte, abestiak aurreratzen joango gara.
Momentuz Kolpe eta Kelokentoky doguz plataformetan eta Kai Nakai apur bat ezagunagoa da honezkero.
10.- Bihar-etzirako zeintzuk dira zure erronkak?
Labur esateko, euskerea eta reggaetoia batuz, musika nortasun eta kultura adierazpen barriak sortu eta zabaltzea eta genero honek dituan estereotipoei aurre egitea.
11.- Diskoan kolaboraziorik izango al da?
Ez dogu aukera hori baztertzen baina abendura arte itxaron beharko dozue diskoaren zehetasun guztien barri izateko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!