Igor Elortza protagonista 'Hitzetik hortzera' saioaren azken atalean
2020-04-03 09:47 BertsolaritzeaBertsolari durangarraren ibilbidea eta gogoetak errepasauko ditue denporaldia biribiltzeko.
Aurtengo denporaldiko azken saioa izango dau Hitzetik hortzera saioak domekan (ETB1, 15:00). Bertsolari beterano bat konbidauko dabe, Igor Elortza durangarra, gazte-gaztetan hasitako ibilbidearen nondik norakoak gogoratzeko. Plazetara salto egin ebanetik pasau diran 30 urteotan danetariko bizipenak eta gogoetak pilotu ditu Elortzak.
Bertsotik harago doa Elortzaren mundua, Hitzetik hortzera-ko ikus-entzuleek deskubriduko dabenez. Musikea dau pasinoetako bat, Zazpi Eskale eta Gu Ta Gutarrak taldeetako kide izan zan. Bere lehenengo plazan jasotako mila pezetakaz Hertzainaken disko barria erosi ei eban. Kulturgintzeagaz be guztiz konprometiduta dago.
Bestetik, domekako saioan gogoan izango ditu urteotan alboan izandako maisu eta kantulagunak. Jon Lopategi ezin aitatu barik itxi, Bizkaiko bertsolari askoren irakasle eta bultzatzailea. Unai Iturriaga laguna be zelan ahaztu, zenbat plaza eta proiektu alkarregaz: Nire bizitzako pozik handienetakoak eta lagunik onenetakoak bertsoaren bueltan egin dodaz, esan deutso Elortzak ETBri.
Bertsolaritzea goitik behera aldatzeari ekin eutsan belaunaldiko kidea da Elortza. Gaur egun, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteko lehendakaritza taldean dabil. Genero ikuspegiaz, plazearen eraldatzeaz... be egingo dau berba Hitzetik hortzera-n.
Denporaldi honetako azken saioa izango da domekakoa, baina hurrengo urtean saioa indarbarrituta bueltauko dalakoan dagoz bertsozaleak. Covid-19 gaixotasunak zeharo baldintzatu dau denporaldiko azken tartea, bertso saiorik ez dalako egon. Hortaz, bertso barririk ezean, azken 30 urteotako bertsoladi bikainen errepasoa egingo dabe domekan: Maialen Lujanbiok, Joxe Agirrek, Unai Iturriagak eta beste batzuek botatako bertsoak entzun ahal izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!