Urietako aireko kutsadurea % 46 bajatu da martian

Bizkaie! 2020-04-02 13:33   Pil-pilean

Ekologistak Martxan taldearen azterlanak agirian itxi dau alarma egoerearen eragina ingurumenean.

Bilboko Nafarroa kalea auto barik, egunotan | Ikusi handiago | Argazki originala

Ekologistak Martxan taldeak txostena plazaratu dau, Espainiako uri-airearen kalidadeari buruzko Covid-19ren krisiaren ondorioak izenburupean (irakurri hemen). Espainiako 24 uritako datuak aztertu ditue, martiaren 14tik 31ra, hau da, itxialdia indarrean dagoan epekoak. Hego Euskal Herriko lau uriburuei jagokenez, ondorioa garbia da: % 46 inguru bajatu da kutsadurea batez beste.

Gasteizen % 54koa izan da jatsierea, % 49koa Iruñean eta % 41ekoa Donostian. Bilbon, ostera, % 40. Europa parkean, Arraitzen, Mazarredo zumardian eta Maria Diaz de Haro kalean egin ditue neurketak Bizkaiko uriburuan, eta azken kale horretan igarri da gehien trafikoak behera egin dauela. Dana dala, urien erdiguneetan zein kanpoaldeetan, airearen hobekuntzea leku guztietan igarten dala zehaztu dau Ekologistak Martxanek.

Nitrogeno Dioxidoa neurtu dabe gehienbat azterlanean, autoen isurien elementu ohikoena dan ezkero. Aurreko hamar urteetako martiko bigarren hamabostaldiko datuakaz konparau ditue, eta alde handiz izan da aurtengoa bajuena. Osasunaren Munduko Erakundearen gomendioetatik oso behera geratu da kutsadurea kasu guztietan, trafiko handiko lekuetan aholku hori betetea normalean ia ezinezkoa izaten bada be.

Txostenean beren-beregi aztertu ez diran arren, Ekologistak Martxanek azpimarratu dau partikula esegiak (PM10 eta PM2,5) eta ozonoa be nabarmen gitxitu dirala airean. Duda barik, alarma egoeran ezarritako debekuek eragin dabe jatsierea, baina martiko eguraldi aldakor eta euritsuak be eragin ona izan dabela dino txostenak.

Ekologistak Martxanen ustez, koronabirusaren pandemiak argi eta garbi frogatu dau ekologistek eta zientzialariek dinoena: Urietako trafiko motorduna bajatzeak kutsadurea txikitu eta jentearen osasuna hobetzen dau. Hori dala eta, konfinamendua eta Covid-19k eragindako larrialdia pasetan diranean, mobikortasun politiketan kontuan hartu behar litzatekez datuok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu