Doktore tesien defensa telematikoa egiten hasi dira
2020-04-02 09:09 Pil-pileanSalbuespenezko bide lez onartzen dau EHUk.
Alarma egoerea ezarrita dagoanetik ezin dira normaltasunez egin doktoregaien tesien defensarako ekitaldiak, areto berean jente asko batzea ezinezkoa dalako eta epaimahaiko irakasle batzuek ezin dabelako bertaratu. EHUn dagoeneko hasi dira tesien defensak bide telematikoetatik egiten, halako salbuespenezko kasuetarako araudiak baimendu egiten dauelako.
Covid-19 gatxari aurre egiteko neurriak ezarten hasi ziranetik hamar tesi defendidu dira EHUn bide telematikoa erabilita. Horri esker, doktoregaiek aurretik adostuta izan daben egunean aurkeztu ahal izan dabe tesia, eta, bestetik, jarduera akademikoari eutsi ahal izan jako zelan edo halan.
Martiaren 13an defendidu ziran bideokonferentzia bidezko lehenengo doktore tesi biak. Ruth Prieto Monterok Novel systems for bioimaging and photodynamic therapy: BODIPY dyes and silica-based nanocarriers izenburuduna aurkeztu eban Zientzia eta Teknologia Fakultadean; Iker Etxeberria Ayllonek, Afectos olvidados. Mujeres de la élite vasca en el siglo XVIII, Letren Fakultadean.
Prietok eta Etxeberriak onartu dabe nahiago ebela defensea baldintza normaletan egin, luzaroan preparautako tesia areto ia huts baten eta epaimahaia pantaila batetik begira dagoala aurkeztea ez dalako euren asmoen artean egon. Ganera, lehenengoak izatekeran, bideokonferentzia ondo joan daiten erabili beharreko sistemak eta trikimailuak inprobisau behar izan ditue. Prietok, esaterako, hainbat proba egin zituan, Blackboard Collaborate programa aproposa zala ikusi eban arte.
Lan eta ahalegin handia egin eta gero, defensa telematikoa eta ia ateak itxita izateak nahi besteko buruargitasunez ez egotea eragin eustan, kontau dau Ruth Prietok. Ezinezkoa izan zan nire familiakoak eta lagunak ekitaldian egotea, eta une hori hareekaz bizi nahi neban. Ibai Etxeberriak tesiaren zuzendaria, epaimahaiko idazkaria, teknikari bat eta ama baino ez zituan alboan izan. Ez zan nahi genduana, baina ez egoan beste erremediorik, aitatu dau Etxeberriak.
EHUko informatika-zerbitzuko teknikarien lana eskertu dabe doktore barri biek, hareen lanari esker arazo tekniko barik egin ahal izan ziralako tesien defensak. Unibersidade publikoak adierazo dau bide telematikoaren alde egiten segiduko dauela itxialdia indarrean dagoan bitartean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!