Badator errenta autorpena euskeraz egiteko kanpainea

Bizkaie! 2020-03-30 11:35   Euskerea berbagai

UEMAk, udalek eta erakunde publiko batzuek bultzatuko dabe.

Laster baten dator errenta autorpena egiteko sasoia, eta aurtengo kanpainea ezohikoa izango dan arren, Covid-19 gaixotasunagaitik, tramiteak euskeraz egiteko deiari eutsiko deutsie UEMAk eta udalerri euskaldunek, beste erakunde publiko batzuen babesaz. Herrialde bakotxera egokitutako kanpainea izango da aurten Errenta autorpena euskeraz dalakoa.

UEMAk jakitera emon dauenez, urterik urtera gero eta jente gehiagok erabagiten dau errenta autorpeneko prozesua euskeraz egitea, baina errealidade soziolinguistikotik urrun dagoz oraindino datuak. Arnasgune diran herri askotan, esaterako, oraindino askoz gehiago dira autorpena erderaz egiten dabenak. Badago zer egin, beraz.

Administrazinoa euskalduntzeko bidean eragin handikoa da errenta autorpena euskeraz egiteko eskaria, UEMAren ustez. Horregaitik, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoak dira. Udalek zeregin garrantzitsua dabe, herritarrakandik hur dagozan erakundeak diralako, eta alkarlanaren alde egin dau UEMAk kanpainea martxan ipinteko orduan. Goragoko erakunde publikoen babesa be bilatu dau, foru aldundiak diralako errenta autorpenaren arduradunak.

Errealidade soziolinguistikoaren eta erakunde bakotxak eskaintzen dituan baliabideen arabera, herrialdeka banatu dabe kanpainea. Nafarroan automatizauta dagoz errenta autorpen gehienak, baina ondasunetan aldaketaren bat izan dabenak banketxera joan behar dira. Hortaz, Hemen errenta autorpena euskeraz egin zeinke dakarren kartelak banatuko ditue bulegoetan. Ganera, UEMAko udalerri nafar bakotxean zenbatek egin eben igazko autorpena euskeraz azaltzen daben kartelak ipiniko ditue, herritarrak zenbakiok hobetzera animetako.

Gipuzkoan, ostera, foru aldundiak berak ipini dau martxan, lau urterako, 100.000 zergadun euskerazko autorpena egitera animetako kanpainea. UEMAk bat egin dau ekimenagaz.

Bizkaian finantza erakundeen bulegoetara jotea da ohikoena, baina itxialdiaren eraginez atzerapenak egon leitekez epeetan. Dana dala, UEMAk banketxe batzuekaz dauen hitzarmenari esker, asteotan sukursaletako langileei kanpainearen barri emongo deutsie, prest egon daitezan.

Ganera, udal batzuek (Bermeon, Lekeition, Ondarroan, Markina-Xemeinen...) euren kanpainak ipiniko ditue martxan, herritarrek autorpena euskeraz egin deien. Finantza erakundeakaz eta aholkularitza zerbitzuakaz alkarlanean egingo dabe.

Urtero legez, aurtengo kanpainarako atondutako materiala (kartelak, azalpen orriak, euskarriak eta herriz herriko datuak) udal, erakunde publiko eta euskera alkarteen esku ipini ditu UEMAk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu