Quarenttona txapelketea dakar Durangaldeko Bertso Eskoleak

Bizkaie! 2020-03-30 09:16   Bertsolaritzea

Bertsoaldiak mp3 formatuan bialdu behar dira apirilaren 18a baino lehen.

Itxialdia dala eta, bertsolaritzeagaz lotutako hainbat saio eta lehiaketa antolatzen dabiz han eta hemen, internet eta sare sozialen bidezkoak. Durangaldeko Bertso Eskoleak be halako bat ipini dau martxan, Quarenttona bertso enttonatuen I. txapelketea hain zuzen. Berezitasun nagusia da parte-hartzaileek euren bertsoaldiak grabau eta mp3 formatuan bialdu behar dituela.

Txapelketa barri honetarako diseinau daben kartelean agiri dan leloak garbi adierazoten dau zein dan asmoa: Quarenttona, luzea ta txarra baino, hoba laburra eta ona. Horregaitik, muga zorrotza ezarri dabe, ezin da 6 minutu baino gehiagoko grabazinorik bialdu. Era berean, mp3 formatuan ez dagozanak be ez ditue onartuko.

Apirilaren 18ra arteko epea dago soinu fitxategiak bialtzeko. Parte hartzeko edo argibide gehiago eskatzeko helbide elektronikoa honako hau da: durangaldeko.b.e@gmail.com

Sari ugari emongo ditue antolatzaileek, hainbat kategoriatan banatuta. Gazteen atalean (16 urtetik beherakoentzat), 150 euroko kultur bonua emongo deutsie irabazleari, eta 75ekoa bigarrenari. Nagusietan, 400 eta 200 euro izango dira eskudirutan, hurranez hurran. Durangaldeko bertsoaldirik onenarentzat sari bi egongo dira: Gazteen mailan 50 euroko kultur bonua, eta nagusietan, 150 euro eskudirutan. Azkenik, zaleen saria be emongo dabe, 200 eurokoa.

Beste alde batetik, Durangaldeko Bertso Eskolearen zein Quarenttona bertso enttonatuen txapelketearen inguruko informazinoa eskuratzeko bide barria zabaldu dabe egunotan, Twitter sare sozialeko kontu hau hain zuzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu