Kontseiluak administrazino publiko guztiei dei egin deutse herritarren eskubideak bermatu deiezan

Bizkaie! 2020-03-27 12:49   Euskerea berbagai

Hizkuntza gitxituetan komuniketako Europako Kontseiluaren gomendioagaz bat egin dau Kontseiluak.

Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak ohartarazo dau herrialdeek ez dituela konpartidu koronabirusaren inguruko informazino eta jarraibideak Estaduko hizkuntza ofiziala ez dan beste hizkuntzetan. Holan jakinarazo deutse ohar bidez Europako Kontseiluko Estadu kideei. Gainera, Batzordeak adierazo dau gomendioak hizkuntza horreetan komuniketea oso garrantzitsua dala eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunen ongizaterako.

Paul Bilbao Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiaren arabera, txalotzekoa da Europako Kontseilutik etorritako gomendioa, izan be, holako egoera batean herritarrei helarazo beharreko mezu, ohar eta gomendio guztietan oinarrizkoa da eskubideen bermea egikaritzea. Eta, gurean be jaubetu gara hainbat administrazinotatik euskaldunon eskubideei ez jakela jaramonik egiten. Kontseiluko buruak adierazo dau, Hego Euskal Herriari jagokonez, Eskualdeetako edo Gitxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna berretsi ebala Espainiak eta ondorioz, Estaduak herritarrei begirako informazino guztia Estadukoa ez beste hizkuntza ofizialetan helarazo beharko leukela: Gogoratu behar dogu oinarrizko eskubidea dan osasun-asistentzia jokoan dagoala eta beraz, botere publikoek arreta handiagoa jarri beharko leukie, adierazo dau Bilbaok.

Horrezaz gan, Europako Kontseiluak ardurea agertu dau Estadu batzuek sareko irakaskuntzara edo telebistearen bidezko irakaskuntzara jo dabenean, irakaskuntzea hizkuntzara edo hizkuntza ofizialetara mugatzen dabelako, hezkuntzea eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan jasoten daben ikasleen beharrak kontuan hartu barik. Ikuspegi hori Gutuneko konpromisoen kontrakotzat ez eze diskriminatzailetzat be jo daiteke: Gurean, Espainiako telebista publikoak hartu dau bide hori eta gaztelania ez beste hizkuntzei ez deutse ezelako lekurik egin, gaineratu dau Bilbaok. Gauzak holan dirala, Kontseiluak Europako Adituen Batzordeak egindako eskaerea zabaltzeko konpromisoa hartu dau: Batzordeak Estaduei eskatu deutse salbuespenezko osasun krisi honi aurre egiteko politika eta jarraibide barriak zehazteko orduan gurea lako hizkuntzak (eta hiztunak) kontuan hartzeko; eta geuri bajagoku gomendio honeek publiko egin eta botere publikoei helarazotea azaldu dau Kontseiluko Bilbao jn.ak.


Herritarren aieneak gora

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak herritarren hizkuntza eskubideen urraketen inguruko kexa gehiago jaso ditu. Agurne Gaubeka zuzendariaren arabera, azken egunotako krisi egoera honetan gora egin dabelako euskaldunakazko ardurabakokeriak: 'Hainbat arlotan atzemon dira urraketak, osasunaren eremuan informazinoa gaztelania hutsean jasotea, segurtasun indarrek herritarrak gaztelaniaz egin deien behartu, langileentzako oharrak gaztelania hutsean, administrazino publikoetako departamentu batzuetatik mezuak gaztelania hutsean... Azpimarratzekoa be bada justizia administrazinotik abokatuen alkargoetara heltzen diran zirkularrak gaztelania hutsean dagozala.

Askotariko kexak izan dira, baina ondorio bakarra: herritarrei ez jake informazinoa euskeraz helarazoten; hori dala eta, herritarrek Behatokiaren Euskerearen telefonoa eta Akuilari tresnak eskuragarri dituela esan dau Gaubekak eta dei egin deutse herritarrei eskubideen urraketen aurrean sendo jokatu eta tresna horreek erabili deiezala.

Azken buruan, kexak bideratzeko ondoko aplikazinoa erabili.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu