Multimedia edukiak sarean zabaltzen hasi da EOS

Bizkaie! 2020-03-27 12:14   Musikea

Zuzeneko emonaldirik ezean, zaleek interneten topauko dabe Euskadiko Orkestrearen barri.

Orkestrearen kontzertu bateko irudia (argazkia: EOS) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kontzertu batzuk bertan behera itxi behar izan ditu EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak egunotan, bai abonu-programakoak eta baita Marimongo Matinéen ziklokoak be. Covid-19 gaixotasunaren erruz zuzeneko emonaldietara noz bueltauko diran ezin dau aurreikusi EOSek. Horregaitik, informazinoa eta eduki multimediak internet bidez zabaltzeari ekin deutso.

Alde batetik, azkenaldion EOSek eskaini dituan kontzertu esanguratsu batzuen grabazinoak ikusi eta entzun leitekez euren webgunean eta Youtuben, 18/19 eta 19/20 denporaldietako inaugurazinoetakoak tartean. Bariazioak haizean eta Zain dira emonaldion izenburuak, hurranez hurran. Zea Mays eta Doctor Deseo taldeakaz jotako kontzertuen piezak be badagoz ikusgai.

Bestetik, EOSen webguneko Kontzertuak atalean audio grabazino ugari dagoz entzungai, Orkestrearen emonaldi bikainenetako batzuez disfrutetako. Oraintsuko grabazinoak zein orain dala urte batzuetakoak daukiez. Webguneko beste atal batzuetan, ganera, EOSen diskografia ezagutu leiteke, argazkiak ikusi...

Bertan behera geratu diran kontzertuak ezin entzuteagaitik penaz dagozan zaleentzat urtenbidea be topau dau EOSek. Zuzenekoaren magia ezin da berreskuratu, baina eskuko programak, behinik behin, on-line konsultau leitekez. Era horretara, kontzertu bakotxeko datuak, bitxikeriak eta ohar musikalak irakurri leitekez. Fantastique eta Sheherezade abonu-programako emonaldien eskuko programak ikusgai dagoz dagoeneko, baita Matinéetako 11. eta 12. saioetakoak be.

EOSeko arduradunek azaldu dabenez, apirilaren 4ra arteko ekitaldi guztiak bertan behera itxi ditue, eta seguruenez hortik aurrerako beste batzuk be ezin izango dira egin. Beraz, internet bidezko eskaintza multimedia osotzen eta aberasten joateko konpromisoa hartu dabe. #EuskadikoOrkestraEtxean traola erabilten dabiz sare sozialetan nobedadeen barri emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu