Selektibidadea, garagarrilaren 6an, 7an eta 8an
2020-03-26 08:02 Pil-pileanEzohiko probea hil horren 20tik 22ra izango da.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek, EHUk koordinauta, Espainiako Hezkuntza Konferentzian hartu dau parte, beste lurralde batzuetako arduradunakaz batera. Horren ondoren erabagi dau Unibersidadera Sartzeko Batxilergoaren Ebaluazinoa, hau da, Selektibidadea, garagarrilean egitea. EAEk alor horretan dituan eskumenak erabili ditu Uriartek erabagia hartzeko.
Ohiko deialdia, ikasle gehienak batzen dituana, garagarrilaren 6an, 7an eta 8an egingo dabe. Emoitzak hil horren 15ean argitaratuko dira. Bigarren deialdia, edo ezohikoa, garagarrilaren 20, 21 eta 22an izango da, eta emoitzak 29an emongo ditue. Hartara, Selektibidadeko prozesu osoa abuztua hasi aurretik amaitu ahal izango da.
Momentu honetan dagozan aurreikuspenen arabera egin dau plangintzea Jaurlaritzeak. Kasurik txarrenean, klase presentzialei bagilaren lehenengo egunetan berrekin ahal izango deutsie erkidegoko ikastetxeetan. Gogoratu behar da, Covid-19 gaixotasunari aurre egiteko, eskola guztiak bertan behera gerartu dirala, eta, horrek dakarzan traben ondorioz, Espainian Selektibidadea atzeratzea erabagi zala pasa dan astean.
Unibersidadera sartzeko probea Jaurlaritzeak berak diseinauko dau, egitureari eta edukiei jagokenez, eskumen-berezitasunek definidutakoaren arabera. EHUgaz koordinauta, azterketak edo ebaluazino-erispideak malgutu, egokitu edo berrikusi leikez Hezkuntza Sailak, egoereak holan eskatu ezkero.
Beste alde batetik, Cristina Uriartek azaldu dau Enplegu Publikorako Eskaintzea atzeratzeko aukerea aztertzen dabizala. Lehen azterketak bagilaren 20an egitea dago aurreikusita. Jazoeren bilakaerearen arabera, Eusko Jaurlaritzeak fetxa hori atzeratu leike. Dana dala, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoei zuzendutako Enplegu Eskaintza Publikoa antolatzeko konpromisoari eutsiko jako edozein kasutan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!