Hiriko Soinuak atzeratu egin dabe
2020-03-25 10:46 MusikeaMusikarien lehiaketea eta El Drogasen kontzertua dira aurtengo ardatzak.
Hitzordu garrantzitsu bi egon dira musikazaleen agendan Barakaldon: Talde eta bakarlarien lehiaketako finala apirilaren 4an, eta musika talde ezagunen kontzertua maiatzaren 9an, El Drogas kartelburu. Hiriko Soinuak ekimenaren parte dira. Covid-19 gaixotasunaren krisia dala eta, biak atzeratzea erabagi dau Barakaldoko Udalak, oraindino zehaztu barik dagozan hitzorduetara.
Ganera, finalaren data barria iragarten danean, barriro zabalduko dabe lehiaketan izena emoteko epea. Orain arte, 83 proiektu aurkeztu dira, tartean Barakaldoko 24. Martiaren 18an amaitu zan epea berez. Izena emonda dagozanak eta epe barrian apuntetan diranak batuko ditue lehiaketan. Horregaitik, martiaren 18ra arte izena emondakoen artetik aukeratutako finalisten izenik ez dau jakitera emon epaimahaiak.
Hainbat sari emongo ditue Hiriko Soinuak talde eta bakarlarien lehiaketan, sari nagusiaz gan. Herriko artista onenaren sarirako hautagai dira Barakaldoko 24 talde eta bakarlariak, zazpi dagoz Bardintasunaren sarirako lehian, eta hamabost Euskerearen sarian.
Jokoan dagozan sarien artean aldaketa batzuk eragin leikez lehiaketea atzeratzeko erabagiak. Esate baterako, udako Bay of Biscay jaialdian joteko txartela emongo deutsie talde bati, baina Bermeoko hitzordua baino lehen ezin izango balitz finala jokatu, antzeko beste jaialdi batera eroango leukie Hiriko Soinuak-eko irabazlea. Gaua estudioetan disko bana grabau ahal izango dabe kategoria guztietako irabazleek, baina horretan badirudi ez dala aldaketarik egin beharko.
Hiriko Soinuak ekimenaren beste ardatza, maiatzaren 9an Herriko Plazan egitekoa izan dan jaialdia, bere horretan egiteko asmoa dauka Barakaldoko Udalak, baina beste fetxa baten. Dana dala, kartelburu dan El Drogas abeslariagaz ezin izango balitz hitzordu barririk adostu, goi mailako beste artista bat ekarriko leukie antolatzaileek. Izan be, ezin da jakin artista nafarraren agendea zelan egongo dan hemendik hile batzuetara.
Kontuak kontu, Barakaldoko eta inguruetako musikazaleek Hiriko Soinuak ekimenaz disfrutetako aukerea izango dabela emoten dau. Pazientzia beharko dabe, egoerea bere onera etorri eta fetxa barriak zehaztu arte, eta egitarauan aldaketak egon leitekez, baina Udalak ez dau aitatu bertan behera ixteko aukerea. Izan be, arrakasta handia dau Hiriko Soinuak-ek: Igazko edizinoan 99 talde eta bakarlarik hartu eben parte lehiaketan, eta Herriko Plazako kontzertuetan 2.000 entzule egon ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!