Aziti Bihiak mintegi birtuala antolatu dau
2020-03-23 10:27 Euskerea berbagaiEtxetik parte hartu ahal izango da euskereari buruzko berbaldietan.
Itxialdian egotea ez da geldirik egotea, Aziti Bihia euskal hizkuntzalarien alkartekoek pentsau dabenez. Hartara, modu fisikoan alkartzeko debekua ikusita, mintegi birtuala antolatzea erabagi dabe, nork bere etxetik entzun eta parte hartu deian. Martiaren 25ean izango da, eguaztenean, 16:00etan hasita. Dorota Krajewska hizkuntzalari euskaldun-poloniarra da koordinatzailea.
Etxeti bihia: Hizkuntzalaritza eta Filologia berrogeialdian izen adierazgarria emon deutsie jardunaldi birtualari. Aziti Bihia alkartearen zabalkunde eta ikerkuntza lanari eustea da asmoa, baina, jakina, Covid-19 gaixotasunak eragindako egoerara egokituta.
Hainbat adituk egingo dabe berba mintegian, txandaka, eta zeinek bere etxetik. Euskal hizkuntzalaritzan azkenaldion egin diran aurrerapenak azalduko ditue. Esate baterako, Iker Salaberrik, lehenengo txandan, euskal bihurkarien fenomenoa jorratuko dau. Ondoren, Borja Ariztimuñok XVI. mendeko Lazarragaren testuez egingo dau berba.
Ane Erañak Arabako euskerearen aditzaz jardungo dau, atsedenaldiaren aurretik. Behin lanera bueltauta, Maitena Duhaldek eta Sergio Monfortek al/ahal partikulea zelan erabilten dan Ipar eta Hego Euskal Herrian azalduko dabe. Ondoren, intonazinoa eta partikulak jorratuko ditu Aitor Lizardik, Dorota Krajewska eta Eneko Zuloagari txandea pasau aurretik. Honeek erlatibozko egiturak eta sintaxi diakronikoa aztertuko ditue.
Azkenik, gaur-gaurko gai bati helduko deutso Ekaitz Santaziliak, Covid-19 ez dala gizartean zabaldu dan lehenengo gaixotasun edo izurria azaltzeko. Epidemia non, testuak han: Bortziri aldeko XIX. mendeko adibide batzuk izenburuko berbaldia emongo dau. Mintegi birtuala 19:00ak orduko amaitzea espero dabe.
Mintegiko berbaldiak entzun nahi dituenek, lotura honetara sartu behar dabe eta bertan pausuak segidu, hasi baino minutu gitxi batzuk lehenago. Adituak berbetan dagozan bitartean ordenagailuko mikrofonoa amatauta eukiteko eskatu dabe antolatzaileek. Galderen tarteetan, ostera, mikroa zabaldu eta txandea eskatu ahal izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!