Luzia Goñi bertsolaria hil da

Bizkaie! 2020-03-23 08:03   Bertsolaritzea

91 urte zituala hil zan atzo Luzia Goñi Olias (Aizarotz, 1928).

Luzia Goñi, 2017an Iruñeko Anaitasunan, Julio Sotori txapela jantzi ostean. | Ikusi handiago | Argazki originala

Ehunka bertso idatziren egile izan zan, baina bere garaiko emakume gehien-gehienen antzera, ez eban plaza publikoan jarduteko ia aukerarik izan.

91 urte zituela hil da Luzia Goñi Olias (Aizarotz, 1928). Etxetik jaso ez arren, gaztetatik sentidu zituan pasinoa eta afizinoa bertsolaritzearen aurrean; berak kontetan ebanez, 16 urtegaz Errenteriako Retegi tabernan hasi zan lanean, eta hara sakotan joaten ziran bertsolariak entzunda (batez be, Manuel Olaizola Uztapide eta Jose Joakin Mitxelena zituan gogoan) zaletu zan. Ogibidez sukaldari ibili zan luzaroan eta talogile be ibili zan, plazaz plaza.

50 urte bete aurretik alargundu eta orduan hasi zan bertso idatziak sortzen, danetarikoak: gai sozialak, protesta bertsoak, baita barruko sentimenduei buruzkoak be, jaioterriari eta aspaldiko gomutak be: 'Bihotzetik datozenakk dira nire bertsoak', esaten eban. Oparoa da haren sorkuntzea eta atzoko eta gaurko askotariko gai eta jazoeren kronika ederrak dira Goñiren lanak. Bat-batean ez zan sekula ibili baina uzta ederra itxi eban bertso idatzietan.
Haren sasoiko emakume gehien-gehienen antzera, ostera, aukera gitxi izan zituan plaza publikoan jarduteko: 'Lehen, bildurragatik, gauza asko ez ziran egiten'. Dana dala, tarteka, idatzitako bertsoak kantetan zituan hainbat ekitalditan.

2017an egin eutson autortzea Nafarroako Bertsozale Alkarteak, urte haretako Nafarroako Bertsolari Txapelketan irabazleari txapela jarteko aukerea emonez, hain zuzen be, Julio Sotori jantzi eutson txapela, 2017ko apirilaren 8an, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

Gero arte, Luzia!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu