Monika Belastegi: '[Gorabeherak] websaila da Ttap barrituaren izarra'

Koldo Isusi Zuazo 2020-03-20 08:30   Barriketan

Ttap-eko zuzendaria.

Irakurri, ukutu, ikusi, entzun goiburupean, 2018ko garagarrilean lehen pusuak emon zituan Ttap aldizkariak baina ordutik hona makinatxu bat gorabehera izan dira. Ttap astekari digitala edukiz eta formaz barriztauta argitaratuko da martiaren 20an, zero zenbakia kaleratu ebenetik 20 hilebetera, aldizkariaren lan-taldeak haren ibilbidearen inguruko gogoeta sakona egin eta hainbat aldaketa egin deutsoz aldizkariari, eten barik hobetzen jarraitzeko. Orain arte aldizkariak Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan zituan hiru edizinoak bakarrean batuko ditu Ttap-ek aurrerantzean.

Ezustekorik ezean, martiaren 20an ekingo deutso ibilbideari sano barritzailea dan argitalpenak, Ttap aldizkariak.


1.- Lantaldean egindakoa da Ttap. Ze onura dakar jokabide horrek?

Taldean lan egitearen onurak asko dira, bai Ttap aldizkarian, zein beste edozein lanetan, besteak beste, sormena jorratzen dalako, gai proposamena be handiagoa dalako, eraginkorragoa dalako... Baina Ttap-en kasuan azpimarratuko neukena da erredakzino taldetik kanpoko kolaborazinoan oinarritzen dan aldizkari bat be badala, eta horrek asko aberasten dau aldizkaria. Zutabegileak, moda adituak, zinema adituak, alkarrizketatzaileak, argazkilariak... 70 bat kolaboratzaile inguru ditugu eta hori altxorra da, lujoa, esaterako, Izaro Andres, Aitzol Atutxa, Ander Izagirre edo Arantxa Urretabizkaia lako kolaboratzaileakaz batera egitea aldizkaria.


2.- Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hiru edizinoak bakarrean batu dozuez. Zein izan da arrazoi nagusia erabagi hori hartzeko?

Hasieran geunkan susmoa berretsi eta ikusi dogu Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako erabiltzaileen portaeran badirala aldeak. Aldizkariaren konsumoan badagoz diferentziak lurralde batetik bestera. Baina ñabardura txikiak dira eta uste dogu ez dirala nahikoak hiru edizinoko eskemeari eusteko. Gainera irakurle askok behin baino gehiagotan eskatu deuskue edizinoak bateratzea eta aurrerantzean holan jardungo dogu; Ttap bakarra izango da Euskal Herri osoarentzat. Ttap sortu zanetik, baimena emon deutsagu geure buruari formatu eta edukiagaz olgau eta esperimentetako eta, tira, hau da esperimentu horreen ondorioetako bat: azkenean, forman be, dinamikoa eta bizia da Ttap, aldatzen eta eboluzionetan doana, baita edizinoei jagokenean be.


3.- Lurralde batetik bestera egon daitekezan alde, gorabehera eta ezbardintasunak ez ete dira galduko?

Ez da ezer galduko, zehetasun txikiak izango dira seguru baina ez dira nahikoa motibo izango hiru edizinoei ekiteko.


4.- Dobako aldizkari multimedia da Ttap. Zelako berezitasunak, zelako gaiak jorratuko dozuez argitalpenean?

Edukiari jagokonez, aldizkari barrituak matenduko ditu lehenengo edukietako batzuk eta barriak be gehituko ditugu. Eretxien atala, esaterako, zabaldu egin da. Aurrerantzean, zenbaki bakotxak hiru eretxi jasoko ditu, bakotxa formatu ezbardina erabiliz: idatzi, bideo eta audio formatuetan. Eta esangura horretan, kolaboratzaile multzoa be handitu egin da. Alkarrizketaren kasuan, elementu barria izango dau, alkarrizketatuaren playlista, hain zuzen be; eta erreportajeak be egingo ditugu, halako euskarri digital batek emoten dituan aukera guztiak aprobetxauta. Baina esango neuke eduki barritzaileena Gorabeherak websaila izango dala, bertikalean grabautako eta propio euskarri honetarako egin dogun atalkako websaila.


5.- Ze mugarri nabarmenduko zeunkez aldizkaria sortu zenduenetik?

Asko poztu ginan igaz Rikardo Arregi Komunikazino saria jaso genduanean. Besteek norberaren lana aintzat hartu eta balioan jartea gauza ederra da; pizgarri ederra izan zan aurrera jarraitzeko.


6.- Kolaboratzaileen zerrendan izen potoloak dagoz, besteak beste, Izaro Andres, Aitzol Atutxa, Ander Izagirre zein Arantza Urretabizkaia dagoz. Zelako maiztasunez ibiliko dira Ttap aldizkarian?

Pozarren gagoz. Bakotxa bere arloan, handiak dira, sano ezagunak Euskal Herrian eta badakigu ekarpen ederrak egingo deuskuezala


7.- Diseinuari jagokonez, ze barrikuntza dakar Ttap-ek?

Erabiltzaileek berehala igarriko dabe aldizkaria itxuraldatuta datorrela; diseinuan aldaketa nabarmenak dakarz Ttap barriak, inbersino handia egin dogu aldizkariaren diseinua eta maketazinoa erabarritzen, garbiagoa eta erabilten errazagoa izan daiten. Hiru arlo azpimarratuko neukez: batetik, diseinu barriak edukia modu erabilerrazean emoten dau. Giltzak dira ordena –elementu grafikoak logika bateratuz antolatuta dagoz– eta diseinuaren garbitasuna. Bestetik, aurrerantzean, mobileko edukiak tabletakoen mailan egongo dira, ez dira murritzagoak izango. Eta hirugarrenik, aldizkariaren izenari keinu eginez, bitxikeria bat dakar diseinuak: azalean agiri dan persona alkarrizketatuak irakurlea agurtu ondoren, aldizkariaren izenak dinoan moduan, ttap egingo dau pantailearen beste aldetik, eta orduan agertuko da pantailan aldizkariaren azala.


8.- Martiaren 20ko edizino barriak aldizkarirako sortutako eduki barri bat estreinauko dau: Gorabeherak, ikus-entzunezko sail bat da umorezko kapitulu laburrez osotua, Ttapek hamabostean behin eskainiko dituana. Eduki hau aurrera eroateko lantalde handia ibiliko zinien lanean...

Egia esan Gorabeherak websaila da Ttap barrituak eskainiko dauen eduki barrien artean izarra eta oso pozik gagoz emoitzeagaz. Euskarri honetarako propio egindakoo umorezko ikus-entzunezkoa da, bertikalean grabautakoa. Berez Gorabeherak-en planteamendua oso sinplea da: igongailu bat izango dogu, hildakoak zerura ala infernura eroaten dituana. Igongailu horren arduraduna Ramon da, igongailuzaina, eta berak egoera xelebreak biziko ditu gora ala behera eroan behar dituan eta danok ezagutzen ditugun personaiakaz; horreen artean danetarik izango da, gehienak euskaldunak izango dira, baina Euskal Herritik kanpokoak be ez dira faltako; aurreratuko deutsuet, estreinuko ataleko protagonistea Mikel Laboa dala eta horren ondoren, hamabostean behin, gizon-emakume gehiago etorriko dira.

Grabazinoa, post-produkzinoa eta bestelakoak atontzea lan handia izan da eta lantaldea oso ilusionauta dago proiektuagaz. Mimo eta pasino handiz ibili gara eta uste dogu emoitzea dibertigarria eta oso txukuna dala. Gogo handia dogu publikoari erakutsi eta eretxiak jasoteko, geuri behintzat ederra iruditu jaku eta.

Sorkuntza lana be azpimarratu gura neuke. Lujoa izan da Kepa Errasti eta Nerea Arriolaren goitik beherako inplikazinoa. Kepak berehala heldu eutson zirriborratua geunkan ideari eta hartu dauen forma zehatza emoten erabagigarria izan zan haren ekarpena. Atalen gidoiak eta zuzendaritza lana be Errastiren ardurea izan dira, eta gure ustez behintzat, emoitzea bikaina da. Nereak be sekulako lana egin dau, atal bakotxean maila fisikoan be guztiz ezbardina dan personaia antzeztuz, eta karakterizazino prozesu luze eta astunak bape keja barik eginda.

Horregaz batera, eskerrak emon behar deutseguz proiektua posible egin daben Tabakalerako 2deo Laborategiari eta Bertako Igongailuak enpreseari, egitasmoan sinistu eta babes ekonomikoa emoteagaitik, izan be, babes eske joan ginanean, idea polita, besterik ez geunkan, eta uste dogu eskertu eta autortzeko modukoa dala gugan konfidantza osoa jarri eta idea hutsa zana diruz laguntzeko apustua egin izana. Gorabeherak kajoi batean gordetako idea polita litzateke 2deo eta Bertakoren babesik barik.


9.- Martiaren 20an kaleratuko dau Ttapek edizino barria. Itxuran eta edukietan aldaketak egin arren, oinarrizko erispideak betikoak izango dira. Zeintzuk?

Dobako aldizkari digitala izaten jarraituko dau; konsumo arin eta urbanoa; irakurri ez eze, ikusi, ukutu eta entzun egin daitekeena; euskeraz; eta hainbat komunikabideren artean egindakoa, hau da, Durangaldeako Anboto, Zumaiako Baleike, Iruñeako Euskalerria Irratia, Debagoieneko Goiena, Tokikom eta Bartzelonako Esguard aldizkariagaz alkarlanean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu