Bertsolaritzea ikastetxeetan lantzen jarraitzeko kontratua sinatu dabe Nafarroan
2020-03-18 08:03 Bertsolaritzea2020. urtean, Nafarroako 58 ikastetxetan izango da programea.
Urteetako lankidetzeari jarraipena emotea adostu dabe Nafarroako Bertsozale Alkarteak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak. Kontratuaren ondorioz, Nafarroa osoko 58 ikastetxetan emongo da bertsolaritzea 2020. urtean zehar.
1986tik dago martxan Bertsolaritzea Irakaskuntzan programea Nafarroan, herrialdeko ikastetxeetan bertsolaritzearen oinarrizko edukiak lantzeko helburua dauen egitasmoa. Nafarroako Bertsozale Alkarteak eskaintzen dau, bere bertsolari eta irakasle espezialisten bitartez, Nafarroako Gobernuak (hainbat udal eta mankomunidadeez gan) diruz lagunduta. Lankidetza horri jarraipena emotea adostu dabe kontratua sinatuta Nafarroako Hezkuntza Sailaren egoitzan, Iruñean; han izan ziran Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza Kontseilaria eta Gil Sevillano Hezkuntza Zuzendari Nagusia, baita Ander Perez, Nafarroako Bertsozale Alkarteko koordinatzailea be.
Kontratu barriaren arabera, 2020. urtean, Nafarroako 58 ikastetxetan izango da programea; hain zuzen ere, egitasmoa gitxienez 125 ikastaldetan lantzeko konpromisoa hartzen dau Nafarroako Bertsozalek, gitxienez 11 ikastorduko programatan. Modu horretan, Nafarroako D ereduetako ikastetxe gehienetan (eta B ereduko gitxi batzuetan) izango da presente bertsolaritzea, urteetako esperientzia dauen eta probautako emoitzak dituan egitasmoaren bitartez.
Bertsolaritzea Irakaskuntzan hezkuntza programeak bertsolaritzearen oinarriak lantzea dau helburu, bertsogintzearen ezaugarriak erakutsiz eta euskal literaturan ahozko tradizinoa ezagutarazoz. Zeharka, beste hainbat eduki be lantzen ditu, hain zuzen be, ikasleen artean euskerazko komunikazinoa eta berba-jarioa hobetu, hizkuntzearen alderdi ludikoa landu, sormena bultzatu edota norberarenganako konfidantzea eta segurtasuna sustatzea dira landutako beste trebetasunetako batzuk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!