Eusplay, bideo-jokoak euskeratzeko kanala

Bizkaie! 2020-03-17 13:12   Euskerea berbagai

Eusko Ikaskuntzak eta Game Erauntsiak ipini dabe martxan ekimena.

Etxetik urten barik egin beharreko egunotarako aukera bikain baten barri emon dau Eusko Ikaskuntzak, bideo-jokoak euskerara itzultzeko eta euskeraz olgetako tresnea hain zuzen. Youtubeko kanal bat da Eusplay, eta bederatzi bideotan emoten ditu jarraibide guztiak. Era horretara, aisialdian euskerea erabilteko beste bide bat zabaldu da.

Game Erauntsia eta Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazinoa dira Eusplayren bultzatzaileak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren laguntzinoagaz. Bideo-jokoetan zein euskerazko itzulpengintzan interesa dabenei zuzenduta dago, batez be gazteakan pentsauta. Dana dala, edozein edadetako jenteak erabili leikez bideoak.

Gogoko dogun bideo-jokoa euskerara itzultzeko informazinoa emoten da Eusplay kanaleko bideoetan: Horretarako ze erreminta dagozan, ze pausu jarraitu behar diran... Euskeratuta dagozan bideo-jokoen adibideak be batzen ditu beste bideo batek, eta retro jokoen atala be badago.

Bideo-jokoen zale euskaldunentzat kanal erabilgarria izango dalakoan sortu dabe Eusplay. Baina, horrezaz gan, bideo-jokoak euskeratzeaz arduratzen dan komunidadea zabaltzeko be balio izango dauela dinoe bultzatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu