Musikea ikertzeko Iñigo Muguruza bekea sortu dabe
2020-03-17 08:22 MusikeaIrungo Udalak egin dau deialdia, musikariaren familiaren babesagaz.
Euskal talde mitikoetako kide izan zan Iñigo Muguruza (Kortatu, Negu Gorriak, Delirium Tremens, Joxe Ripiau...), eta Irungo Musika Eskolan 25 urtez izan zan gitarra elektrikoko irakasle. Hori dala eta, Irungo Udalak omenaldia egin nahi izan deutso irailean hildako musikariari, ikerketa beka bat martxan jarrita. Muguruzaren sendiak babestu egin dau ekimena.
Azken hamarkadetako musika modernoagaz lotutako ikerketak bultzatzea da Iñigo Muguruza bekearen helburua. Taldeak, interpreteak, musika-gaiak, biografiak, errepertorioa, herri-musikearen irakaskuntzan eta dibulgazinoan lagunduko dauen material didaktiko-pedagogikoa, eragin soziologikoa, eragin ekonomikoa eta abar jorratuko ditu ikerlanak, azken lau hamarkadetara mugatuta, eta euskal musikeari jagokonez.
Bekea emoten danetik, irabazleak zortzi hileko epea izango dau gehienez lana amaitzeko. 8.000 euro emongo deutsaz Irungo Udalak. Norbanakoak zein taldeak aurkeztu leitekez. Martiaren 16an hasita, 20 egun balioduneko tartea dago hautagaitzak aurkezteko.
José Antonio Santano alkateak adierazo dauenez, beka hau Iñigo Muguruzaren omenez izatea nahi dogu, musikeari egindako ibilbide eta ekarpenagaitik.Urte asko emon zituan arlo horretan ikerketa sustatzen, eta euskal panoraman eta gure mugetatik kanpo ospe handia lortu eban. Bekeak, ganera, ondare garrantzitsu bat belaunaldi barrien eskura ipiniko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!