Iñigo Muguruza musikaria hil da

Bizkaie! 2019-09-06 08:03   Musikea

Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak eta Sagarroi taldeetako kidea izan zan.

Iñigo Muguruza, Euskadiko Esklerosi Anizkoitzaren Alkarteak zabaldutako argazkian | Ikusi handiago | Argazki originala

1980an euskal rock musikearen loraldiaren protagonista nagusietako bat izan zan Iñigo Muguruza Ugarte. Fermin Muguruza anaieagaz batera, gazterik hasi zan musikearen munduan bide barriak topau nahian, atzerriko jokerak Euskal Herrira ekarten. Irunen jaioa, 1964ko abenduan, gaztetan eskusoinua, gitarra klasikoa eta gitarra elektrikoa joten ikasi eban, eta gerora, baxu jole be ibili zan.

1983an, Kortatu talde ezaguneko kide bihurtu zan. Euskal Rock Erradikala izeneko mobimenduaren aitzindarietako bat izan zan, beraz. Delirium Tremens eta Negu Gorriak izan ziran bere hurrengo taldeak, biak be punta-puntakoak 1990eko hamarkadako euskal musikan.

Fermin anaiea bidelagun izan eta gero, Iñigo beste anaieagaz egin eban bat Joxe Ripiau taldean. Sagarroi, Lurra eta Hiru Leike taldeetan be ibili zan. Azken horregaz, 2018an plazaratu eban azken diskoa. Bere ibilbideak garbi erakusten dau estilo asko maite zituala. Rock eta punk doinuetan hasi, eta bestelakoak lantzen joan zan gero, gustu eklektikoagaz.

Hasieran, gaztelaniaz abesten eben taldeetan hartu eban parte Iñigo Muguruzak, baina Kortatugaz euskerara hurreratu zan. Hizkuntzea ikasi, eta euskerazko kantak egiteari ekin eutsan Kortatuk azken urteetan. Harrezkero, Muguruza beti ibili da euskerazko taldeetan.

Orain dala urte batzuk, esklerosi anizkoitza topau eutsien. Gaixotasun horren erruz hil da, 54 urtegaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu