Zuzeneko musika bako egunak datoz

Bizkaie! 2020-03-13 11:06   Musikea

Bertan behera geratu dira Lekuek, MAZ, Iruña Rock eta kontzertu gehienak.

Joseba B. Lenoirrek eta Gaizka Insunzak Plateruenan gaur emon beharreko kontzertua atzeratu egin dabe | Ikusi handiago | Argazki originala

COVID-19 birusa dala eta zabaldutako aholkuak eta debekuak ikusita, garbi dago zuzeneko kontzertuak antolatzea ez dala egunotarako aukerarik aproposena. Horixe pentsau dabe musikari, areto eta antolatzaileek be, eta Euskal Herriko egitarau musikaleko zuzeneko hitzordu guztiak bata bestearen atzetik atzeratzen edo bertan behera ixten dabiz.

Gernikako Lekuek martiaren 7an hasi zan, baina ezin izango dau egitarau guztia bete. Talde batzuek iragarri eben ez zirala Gernikara etorriko, koronabirusaren bildur, eta azkenean jaialdia bera eten dabe antolatzaileek, oso-osorik. Tailer, topaketa, aurkezpen eta halakoakaz batera, Pony Bravo, Sua, Mocker's, Lisabö... egon dira astegoienerako iragarrita.

Basaurin be antzeko erabagia hartu dabe. Asteburu bitan egitekoak izan dira MAZ jaialdia, gaur bertan hasita, baina dan-dana bertan behera itxi dabe. Dobako eta pagau beharreko kontzertuen egitarau potoloa atondu daben arren, zuzeneko musika barik geratuko dira Basauriko zaleak eta bisitariak. Sarrerak erosi dituenei dirua bueltauko deutsie.

Datorren astean izan da egitekoa, bestetik, Iruña Rock, Nafarroako uriburuan. Sorpresa handiak euki ditue iragarrita, La Polla Recordsen emonaldia tartean, baina jaialdia atzeratu behar izan dabe. Hurrengo egunetan esango dabe noz egingo daben aurtengo Iruña Rock.

Jaialdiez gan, kontzertu esanguratsuak be ezin dira egin. Taldearen 20. urteurrena dala eta, Gatibuk kontzertu jentetsua euki dau antolatuta martiaren 28an, Bilbao Arenan. Urriaren 31ra atzeratu dabe. Martirako sarrerak baliokoak izango dira urrirako. Bestetik, Herri Urratsen alde Baionan emon beharreko kontzertua bertan behera itxi dau Izarok. Kasu honetan, sarreren dirua itzuliko deutsie zaleei.

Bilboko Kafe Antzokian ia egunero egoten dira kontzertuak. Hurrengo egunetakoak dan-danak geratu dira bertan behera: Dr Queen, Zua, Sés, Akatz, Tami Neilson... Durangoko Plateruenak oharra plazaratu dau, domekara arteko kontzertu eta ekitaldi guztiak bertan behera itxi dituela esateko.

Durangoko San Agustin Kulturgunea zarratuta egongo da. Atzeratuko diran ekitaldietarako sarrera eta erreserba guztiei eutsi egingo jake. Ekitaldiak bertan behera itxi behar ezkero edota sarrera itzultzea gura ezkero, sarrerak erositako bide beretik itzuliko dira. Itzulketak aretoa zabaltzen danean egingo dira. Informazino gehiago: 946030021; sanagustin@durango.eus

Beste alde batetik, Basauriko Social Antzokian be bertan behera geratu da martiko programazino guztia: Maz Basauri, Maider Zabalegi, Harri, orri ar antzezlana eta Don Giovanni operea, baita, martiko pelikula guztiak be. Itzulketak erosketa egin zan bide beretik egingo dira. Internet bidez eta orotariko kutxazainetan erositako sarreren zenbatekoaren itzulketea automatikoki egingo da. Lehiatilan erositakoak bertan bueltauko dira. Leihatila egunero zabalik egongo da, 18:00etatik 21:00etara. 

Gazteizera salto eginez,  Jimmy Jazz Gasteiz-eko arduradunek jakinarazo dabe astegoien honetatik aurrera zarratuta egongo dala aretoa, COVID-19 pandemiari aurre egiteko eta bezeroen eta enplegatuen osasuna zaintzeko asmoz: Gure aretoko jarduera normalari berrekiten deutsagunean jakinarazoko deutsuegu bilakaerea ikusi eta osasun-arloko gomendioei jarraituz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu