Lea-Artibai be BBK Sariketako finalaurrekoetan izango da

Bizkaie! 2020-03-11 13:19   Bertsolaritzea

Markina-Xemeingo saioan Uribe Kostak baino puntu gehiago eskuratu ditue etxekoek.

Gazteak kantari eta entzule, Markina-Xemeinen (argazkiak: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Amaitu da kanporaketen fasea Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketan, eta, honenbestez, finalaurrekoetan kantauko daben lau taldeak zeintzuk izango diran badakigu. Hurrengo fasera pasetan azkena Lea-Artibai izan da, Markina-Xemeingo Kultur Aretoan jokatutako saioan Uribe Kostako seikoteari irabazi deutso eta.

Bekobenta eta Berakruz ikastetxeetako gazteak egon dira publikoan, bertso saioa adi-adi eta giro onean entzuten. Era horretara, antolatzaileek zaletuen harrobia indartu nahi dabe, eskolan bertsolaritzea ikasten daben gazteak saioetara eroanda. Zer esanik ez, oholtzan egon diran bertsolari gazteentzat be plazan agertzeko aukera bikaina da BBK Sariketea.

Kontuak kontu, ariketa puntuagarriak amaituta, epaileek erabagi dabe Lea-Artibaiko seikoteak irabazi dauela saioa. Honeek sei bertsolariek kantau dabe irabazleen partetik: Sara Asenjok, Amaiur Galdosek, Ariane Sololuzek, Nahia Ibarzabalek, Garazi Navarrok eta Aitzol Goitiak.

Uribe Kostaren ordezkari, honeek sei gazteak egon dira oholtzan: Jare Torralba, Peio Lago, Izaro Gascón, Peru Irastorza, Oihan Díaz eta Mikel Arrate. Urtero-urtero talde sendoak aurkezten ditu Uribe Kostak, eskualdeko bertso eskoletako lan bikainari esker, baina aurtengo edizinoan ezin izan dabe lehenengo kanporaketea gainditu.

Markina-Xemeingo saioko epaileak Ander Arrien, Beñat Romero eta Jone Antsotegi izan dira, eta Idoia Anzorandia idazkaria. Aurkezle lanetan Maddi Ibaibarriaga ibili da.

Finalaurrekoetako saio biak honeek izango dira:

- Martiaren 16an, Iurretan: Busturialdea vs Durangaldea.

- Martiaren 18an, Sopelan: Hego Uribe vs Lea-Artibai.

Saio bakotxeko irabazleak hilaren 26ko finalera pasauko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu