Klimearen aldaketeari buruzko KlimaFest Donostian, Bilbon eta Gasteizen
2020-03-11 08:04 ZinemeaMartiaren 23tik 26ra izango dira hitzorduak.
Donostiak, Bilbok eta Gasteizek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Ingurumen Kudeaketarako Ihobe Soziedade Publikoak Euskadiko Klima Aldaketearen II. Astearen, AsteKlimearen, barruan antolatutako KlimaFest zinemaldiaren lehen edizinoa jasoko dabe. Programazinoak oraintsu produzidutako lau film dokumental batzen ditu. Klimearen inguruko larrialdiaren hainbat alderditan jarten dabe arretea, planeta mailako dimensinoa dauen arazo baten aurrean herritarrak sensibilizau eta mobilizetako. Sartzea doban da baina gonbidapena jaso beharko da, hilaren 11tik, aurrera.
Jaialdia martiaren 23an edegiko da, 20:00etan, Azkuna Zentroko auditoriumean, Bilbon, Nova Ami eta Velcrow Ripper zinemagile kanadarren Metamorphosis (2018) film estadubatuarraren proiekzinoagaz. Mundu osoko jaialdi espezializatuetan erakutsitako dokumentalak, desagertzeko bidean dagoan naturearen irudiak eskaintzen ditu. Zinteak plastikotasun ikaragarrizko irudiak inpaktu handiko beste batzuekaz kateatzen ditu. Azken horreetan sikateak, suteek edo uriolek orain arte ezagutu dogun guztia aurretik daroe.
KlimaFesten lehen edizino honek Donostia Kulturearen lankidetzea dau Gipuzkoan, antolakuntzan parte hartzen dauen erakunde legez. Era horretan, inaugurazinoko zintea hurrengo egunean, martiaren 24an, 19:30ean, proiektauko da Donostiako Antzoki Zaharrean. Metamorphosis planeteari zuzendutako olerki bisuala da. Nova Amiren eta Velcrow Ripperen (Occupy Love) filman gure Lurra da ardatz eta aldaketa sakoneko momentu baten lekuko da: mundu baten galerea eta beste baten sorrerea. Irudi zoragarriz osotutako marea jarioaren bitartez, Metamorphosis-ek bide bat edegiten dau orainaldetik etorkizunera eta ikuspegi barri eta ausarta eskaintzen dau gizateriarentzat eta munduarentzat.
Bilboko egoitzan ikusi ahal izango dan zinema programazinoan Santuario (2019, ESP, Álvaro Longoria, 75') dokumentala dago, Alvaro Longoriaren azken lana. Protagonistak eta produktoreak Carlos eta Javier Bardem anaiak dira eta Donostiako Nazinoarteko Zinemaldiaren azken edizinoan erakutsi eben. Santuario planetako azken eremu garbia babesteko kanpaina mediatiko, zientifiko eta politiko baten historia da. Greenpeacek ekimen horren bitartez markautako helburua Antartikako Ozeanoan lurreko itsas santutegirik handiena sortzea da.
Zinteak, Bardem anaiak laguntzen ditu Arctic Sunrise itsasontzian, izan be, Antartikako Santutegiaren kanpainako bozeroaile lez, eskura dituen tresnak erabili behar ditue ekimen honetarako ahalik eta herritar gehienen babesa lortzeko. Ikus-entzuleak zientzia, politika eta sare sozialak buztartzen diran moduaren lekuko izango dira, azkenean erabagi politiko baten menpean egongo dan ekimen hori ia 3 miloe personak babestea lortzeko. Dokumental hau Bilbon ikusi ahal izango da hilaren 25ean –Golem-Alhondiga zinema-aretoetan, 20:00etan– eta Gasteizen 26an –Florida zinema-aretoetan, 20:00etan–.
Bilboko ikus-entzuleek 16 amaneceres (2018, Pierre-Emmanuel le Goff, 117') lan frantsesa be ikusi ahal izango dabe. Espaziora hegan egitea. Hori da Thomas Pesquet astronauta frantsesak errealidade bihurtu eban amesa, Kazakhstanen dagoan Baikonur kosmodromotik aireratu zanean. Lurretik 450 kilometroko altueran dagoan Espazioko Nazinoarteko Estazinoan, Pesquetek sei hilebete emon zituan 50 eta 51 izeneko espedizinoetako kide lez. Urte erdi horretan, badirudi mundua ezezaguna dan zeozertarantz egoala mobiduten. Egoera berezi horreetan, alkarrizketea ezarri zan astronautearen eta Printze txikiaren, Antonie Saint-Exupéry idazlearen obra bisionarioaren, artean. Thomasek Lurraren orbitako ikerketa zentro horretara eroan eban liburua. Esperientzia hori islatzen da dokumental honetan.
Azkenik, hilaren 26an, 19:30ean, Jennifer Baichwalen, Edward Burtynskyren eta Nicholas de Pencieren Anthropocene: The Human Epoch, (2018, KAN, 87') dokumentala emongo dabe Donostiako Antzoki Zaharrean. Filmak nazinoarteko zientzialari talde baten –Anthropocene Working Group– ikerketa lanaren jarraipena egiten dau. 10 urteko ikerketearen ondoren, Holozenoaren garaia XX. mendearen erdialdean amaitu zala agirian geratu da, Antropozeno aroari (gizakiaren aroa) bide emonez. Garai geologiko horretan, ingurumen arloko aldaketak ez dagoz, neurri handi batean, indar naturalen menpean, giza ekintzaren menpean baino. Horrek esan nahiko leuke gizateriak burrukea irabazi deutsola natureari, persona guztiak galtzaile izango garen burrukan. Mezu horregaz, Jennifer Baichwal eta Nicholas de Pencier zinemagile kanadarrek, Edward Burtynsky argazkilari kanadarragaz batera, alkarlaneko proiektu artistikoari ekin eutsen. Zinema arloko meditazino horretan argazki ederrak eta aldi berean orekatuak nabarmentzen dira, baita ingurumen kontzientziazinoaren aurreko konpromisoa be.
KlimaFest, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Ingurumen Kudeaketarako Ihobe Soziedade Publikoak, URA – Uraren Euskal Agentziagaz eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuekaz lankidetzan, antolatutako Euskadiko Klima Aldaketearen II. Astearen, AsteKlimearen, barruan dago. Bigarren edizinoak ehundik gora jarduera batzen ditu, gizartea arazo global horren inguruan kontzientziau daiten, planetearen suntsiketearen eta berotzearen aurrean sentsibilizeteaz gan, ekimen txikia izan arren, ingurunean eragin positiboa dauela kontuan hartuta. Informazino guztia ikusi hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!