Manuel Intxaustiren 189 film zahar berreskuratu ditue
2020-03-10 11:38 ZinemeaXX. mendearen hasiera eta erdialdeko grabazinoak dira, gehienak amateurrak.
Uztaritzeko ganbara baten agertu da euskal zinemagintzearen historia hobeto ezagutzen lagunduko dauen bildumea: 189 bobina, Manuel Intxaustik filmautako 35 ordu. Batez be, eguneroko eszenak, Euskal Herriko jazoerei buruzkoak eta ekitaldi jakin batzuetakoak dira grabazinoak, 1923tik 1950eko hamarkadara artekoak. Zuri-baltzean dagoz, eta ez dabe soinurik.
Intxausti 1900ean jaio eta 1960an hil zan, baina haren alaba Arantza eta Mirenek gordeta euki ditue harrezkero. Josu Martinez EHUko ikerlaria eta zinemagintzan aditua itaunka etorri jaken arte. Eusko Ikaskuntzarentzat Intxaustik egindako Eusko ikusgayak (1923-28) film-sortea ezaguna izan da ikerlarientzat, eta hari horretatik tiraka heldu da Martinez Uztaritzeko Intxaustitarren etxera. Bost urteko lanaren ostean erakutsi ditue jentaurrean lehenengo emoitzak. Altxor ikaragarria dago 189 bobinetan, ikerlariaren arabera.
Lehendik be Euskal Herrian filmautako lan zahar ezezagun bat baino gehiago topautakoa da Martinez, eta, oraingoan, EHUko Nor ikerketa taldeak abian ipinitako Gure irudi galduak proiektuaren arduradun lez dabil Intxaustiren filmak berreskuratzen. Euskadiko Filmategiak digitalizau ditu irudiak. Gastibeltza Filmak, Nor ikerketa taldea, Kanaldude eta Eusko Jaurlaritzea be badabiz egitasmoan.
Josu Martinez eta Intxausti ahiztak ez eze, Baionan egindako aurkezpenean egon dira Miguel Aizpuru, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria; Josu Amezaga, Nor taldeko koordinatzailea; Ion Lopez, Euskadiko Filmategiko zuzendari konserbatzailea; eta Gastibeltzako Katti Pochelu. Gure irudi galduak proiektuaren helburua Ipar Euskal Herriko film amateurrak berreskuratu eta salbetea dan ezkero, Martinezek dei egin deutse etxean film zaharren bat euki leikienei, horren barri emon deien, digitalizetako.
Orain aurkeztutako bildumako 189 bobinetan danetariko eszenak ikusi leitekez, eguneroko kontuetatik ekitaldi jentetsuetara: Jantzak, ospakizunak, Eskualtzaleen Biltzarra... Ganera, sasoiko jente ezaguna be agiri da: Telesforo Monzon, Xalbador, Jose Antonio Agirre eta abar. Euskal Herritik kanpoko lekuetako filmazinoak be badagoz tartean. Martinezen arabera, Euskal Herriko historiaren zati bat dago Intxaustiren grabazinoetan, baina munduko historiaren zati bat be bada.
Euskal Herrian ez danez egon zinema-industria handirik, zinemagintzarik bako herria garela zabaldu da, baina uste hori okerra dala ohartuarazo dau Martinezek. Film amateurrak egon badagoz, eta ondare aberatsa dira. Horregaitik, gordeta egon leitekezan altxorrak topau eta behar dan moduan konserbetako deia egin dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!