Leitzako Atekaberts komeni taldea da aurtengo lehen finalistea

Bizkaie! 2020-03-09 11:31   Bertsolaritzea

Atarrabian jokatutako saioa irabazita sartu dira leitzarrak Bardoak Txapelketako finalean.



Zapatuko saioan, Tafallan, finalera sartzeko lehen pausua emon eban Berako Lamixene taldeak be. Datorren astegoienean zehaztuko dira finalista guztiak.

2020ko Bardoek badabe lehen finalistea. Leitzako Atekaberts komeni taldeak finalerako sailkapena lortu dau, pasa den barikuan, Atarrabian, Sakaña taldearen kontrako saioa irabazi ostean. 40 lagun pasautxu batu ziran Atarrabiako Etxebeltza alkartean saioa jarraitzeko, giro onean. Sakandarren partetik, Ekain Alegre, Idoia Granizo eta Saats Karasatorre izan ziran kantuan; Leitzako taldean, Aitzol Eizmendi, Ane Intxausti, Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi izan ziran ordezkari. Unai Artiedak egin zituan gai-jartzaile lanak.

Joaneko saioa be, Tuterakoa, irabazia eben leitzarrek sakandarren kontra eta beraz, saio bietan puntua eskuratuta, Lizarran martiaren 28an izango dan finalerako txartela eskuratu dau Atekaberts komeni-k. Bardoetako azken edizinoan txapeldun izan zan Leitzako taldea.

Zapatuan, Tafallan, Barañaingo Hego Haizea eta Berako Lamixene taldeak izan ziran kantuan. Lehen taldearen ordezkari: Ainara Ieregi, Endika Legarra, Iñigo Aranguren "Pika" eta Sahats Aleman ibili ziran bertsotan. Beratarren partetik, Ekhiñe Zapiain, Julen Zelaieta eta Patxi Castillo.

Berako taldeak eskuratu eban saioko puntua eta beraz, lehen pausua emon dau Lizarrako finalean sartzeko. Dana dala, Tafallakoa joaneko saioa eben talde biek, eta itzulikoa jokatu beharko dabe datorren zapatuan Jaunsaratsen, bietatik zein sailkatzen dan erabagiteko.


Azken astegoienaren faltan

Jaunsaratsekoagaz batera, beste saio bat gehiago be izango da datorren zapatuan, kasu honetan Goizuetan. Lesakako Arranopola eta Malerrekako Bertsonautak taldeak ibiliko dira kantuan bertan. Joaneko saioan, Malerrekakoentzat izan zan puntua, baina Goizuetako saioak zehaztuko dau finalistea nor dan. Datorren astegoienean argituko dira aurtengo hiru talde finalistak.

Finalerako eta ostean izango dan afarirako sarrerak salgai dagoz www.bertsosarrerak.eus atarian, bai eta Lizarra Ikastolan eta Lizarrako Beinat Etxepare Euskaltegian be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu