Haimar Arejita: 'Umoriek eitten deu labur bidaia luzie'
2020-03-09 08:10 BarriketanGatibu taldeko gitarristea.
Pentsau ez arren, Gatibu taldea orain 20 urte jaio zan, taldekideak beste talde batzuetatik etorritakoak izan arren. Exkixu ondo ezagutzen dogu edade batekook eta Gatibu zer esanik ez.
Zortzi disko plazaratu ditu Gatibu taldeak: Zoramena (Oihuka, 2002), Disko Infernu (Oihuka, 2005), Laino Guztien Gainetik, Sasi Guztien Azpitik (Baga-Biga, 2008), Zuzenean Bizitzeko Gogoa (Baga-Biga, 2010), Zazpi kantoietan (Baga-Biga, 2012), Euritan dantzan (Panda, 2014), Aske maitte, aske bizi (Panda, 2016) eta Azken Indioak (Panda, 2018).
Taldekideak dira: Alex Sardui abeslaria, Haimar Arejita gitarristea, Mikel Caballero bajua eta Gaizka Salazar bateria.
1.- Zelan laburbatu 20 urteko bizipenak eta gorabeherak? Zein da botika magikoa horrenbeste urtean alkarregaz segiduteko?
Botika magikorik ez dago baina nik neuk pazientzia eta umorea nabarmenduko neukez. Konbibentzia dago taldeko kideen artean eta hor momentu onak eta ez hain onak biziten doguz. Pazientziarik eta lasaitasunik ez badago, akabo. Tirabiren aurrean, alkar ulertzeko jokerea behar da eta, zelan ez, umorea be nahitaezkoa da.
Bizipen eta gorabeheren artean, 20 urte horreetan gauza asko pasau jakuz eta ez da erraza mugarri batzuk nabarmentzea. Musika ibilbidean beti ibili gara ondo, jentea geugaz egon da beti eta hori eskertzekoa da. Mugarrien artean, lehenengo diskoa esango neuke, oso gogor sartu ginan, jenteari asko gustau jakon diskoa izan zan, maila musikalean sasoi haretan ez egoan rocka egiteko geurea moduko erarik. Ez ginan bakarrak, rocka ez genduan guk asmau baina bizkaieraz kantetako jarrerea geurea izan zan orain 20 urte.
Bigarren mugarria hirugarren diskoa izan zan, Laino guztien gainetik eta sasi guztien azpitik, izan be, gure estiloa findu egin genduan hor, geure estiloa zehaztu. Disko hori be oso indartsu sartu zan eta taldekideok pozarren gengozan.
2.- Bizkaieraz kantetako erabagia zelan hartu zenduen?
Berez. Bizkaitarrak izanda, geure geurea da bizkaierea eta Alex eta biok hasi ginanean gitarreagaz eta irrati-kaseteagaz kantuak bizkaieraz sortzen, hausnarketa lar barik, hor pentsau genduan bizkaieraz kantetea, zergaitik ez.
3.- Txulufrina eta arrosa, Exkixu, Gatibu... Joan dira urte batzuk eta lehengoaren eta gaurko musikearen artean badagoz aldeak...
Txulufrina eta arrosa diskoa sortzeko prozesuan Alex eta biok ezagutu ginan, Ikastolen Alkartearen enkargua izan zan disko hori eta pare bat kontzertu egin arren, bagenkian ez zala luzerako kontua izango. Baina Alex eta biontzat eskola ona izan zan eta Exkixuk agur esan eta gero Alex musika arloan luzaroan geldi egoan eta berba eta berba egin ostean, zeozertxu egitea pentsau genduan. Alexek gazteagoa nintzala, gauza asko egiteko gogoagaz, goseagaz ikusi ninduan eta di-da esan eustan: rockanrolla egiten badogu barriro zer. Baietz esan eta 20 urte aurrerago egurre emoten gabiz. Kantuak sortzeko lehenengo hitzorduak ohitura bihurtu ziran eta 2000. urtean, hor jaio zan Gatibu. Lehengo eta gaurko musikearen arteko aldeak sano handiak dira, baita Exkixu eta Gatiburen kasuetan be, planteamentuak ezbardinak diralako.
4.- Itoiz taldearen zale amorratua zaitugu eta Gatibuko bateriajole Gaizka Salazarrek eta zeuk Espaloian taldea sortu zenduen. Zelako esperientzia izan da?
Sekula ahaztuko ez dodan esperientzia. Itoiz zale amorratua naz eta Espaloian diskoak barruan zeozer eragin eustan. Fantasia musikala zan niretzako baina gauzeak aurrera egin eta ezelako asmorik barik Gaizka Salazar eta beste batzuk endredau eta hor ekin geuntson beharrari. Gernikako Lekuek Jaialdiaren lehenengo edizinoan joteko aukerea sortu jakun eta han izan ginan Jaialdiaren inaugurazinoan. Itoizeko abeslari Juan Carlos Perez eta Antxon Fernandez ikusleen artean izan genduzan eta esperientzia ederra izan zan.
5.- Gatibuk taldeak zortzi disko kaleratu ditu eta Musturrek sartunde, Inpernuen ate joka, Zeu, zeu, zeu!, Urepel, Bang-bang txik-txiki bang-bang, Biarritz zein Txanpon baten aldien ia ia ereserki bihurtu dira...
Bai. Egia da. Gure musikea herrikoia da, geure eran egindakoa eta ereserki bihurtutako kantuak hor dagoz, zaleek buruz ikasi eta kontzertuetan eta kantetan dituenean gu pozarren egoten gara. Berbena edo erromeria taldeek be euren errepertorioetan sartu izan ditue eta gu pozik, geure ekarpenagaz.
6.- Bixotzetik kantu-bideoklipak be zeresana emon dau, esker ona adierazoteko kantua, Gabuti gazte taldea martxan. Polito geratu da baina zelan sortu zan hau guztia?
Bixotzetik bideoklipa egiteko proposamena Dani Llamasek egin euskun. Gatibu taldearen jatorrizko kantuen bersinoak egiten dituan talde bat da hor protagonista. Izenaren harian, Xatibu eta bestelakoak egozan arren, azkenean nik proposatu neutson Gabuti jartea, nire lagun batek gorroak edo kapelak jantzita joten egoan talde bat ikusi eta neuk be kapelak erabilten dodazanez, brometan Gabuti esan neutson, izen egokia taldeari jarteko.
Berbak eta musikea Gatiburenak dira. Zuzendaria, barriz, Dani Llamas izan da eta produktorea: Carles Campón "Campi". Andoaingo Garate estudioan egin genduan grabazinoa eta masterizazinoa, barriz, Kevorkian Mastering, New Yorken.
Kamara, laguntzaile eta muntaketa ardurdunak be ez dodaz ahaztu gura: Jesús Perujo, Alejandrina Zoreda eta Silvia Moreno.
Ganerakoan, gure esker ona ondokoei: Uguzne Uriarte, Asier Foruria, Asier Gomez, Martxel Asteinza, Sara eta Luis (Zumela baserria) eta Ondarruko Portuko Ranpi.
7.- Umoriek eitten deu labur bidaia luzie, Bixotzetik, zuretzako garelako positibo... esaten dozue dotore Bixotzetik kantuan...
Bai. Pozten naz gustau bajatzu. Erraza ez bada be, kantu honek batzen ditu Gatiburen 20 urteak. Berbak samurrak dira, barrutik ataratakoak eta hori entzuleak igarri eta eskertu egiten ditu. Lehen be esan deutsut, horrenbeste denporan taldeari eusteko pazientzia, umorea eta maitasuna beharrezkoak dira. Gu prest gagoz aurrera egiteko eta mundu globalizaduan geure ekarpena egitea be asko gustetan jaku, kanpoko produktore entzutetsuak ahaztu barik.
8.- Anekdotak be ugari biziko zenduezan. Bateren bat kontau zeinke?
Ona, txarrak, danetarik pasau jaku. Birritan edo pasau jaku kontzertua emoten gengozala argi barik geratu eta bertan behera itxi behar izatea. Momentu hunkigarriak be bizi izan doguz ze mezuak heltzen jakuz etxera, berbarako osasunez makalik egozan batzuenak, indarra eskatuz eta holakoak, ebaketa eta bestelako osasun kasuetan errekuperazinon gure kantuek izan daben eragin positiboa, bizipenak, gomutak. Kantu honegaz edo besteagaz maitemindu zirala be esaten deuskue beste batzuk...
Ganerakoan, Holandan gengozala pasaportearen epemugea amaituta eta Amsterdametik ez euskuen ixten urtetan eta bateren batek pasaportea edo horren ordezkoren bat ekarri arte han egon ginan. Holako pasadizoak
9.- Zuzenekoakaz baragarri zabizie hara eta hona, besteak beste, Murtzia, Salamanca, Santiago de Compostela, Tameiga Madril, Girona, Bartzelona eta martiaren 28an, 20. urteurreneko kontzertu handia, Bixotzetik, Bilboko Miribillan. Zelako ikuskizuna atondu dozue?
Baragarri baina gustora. Mundu zabalean emon doguzan kontzertuakaz eta horreetan jarraitzaile izan doguzanakaz oso pozik gagoz. Hitzordu bereziak izaten dira eta euskerarik ulertu ez arren, oso gustora ibilten dira. Zaleak sensazinoen bila datoz, taldekideon indarra eta energia asko eskertzen dabe eta geu be berotuta hazi egiten gara.
Beste alde batetik, Bilbokoa, Miribillakoa gau berezia izatea gura dogu. Oraindino gauzatxu batzuk atontzea falta jaku baina gehiena prest daukagu. Ikuskizuna ahalik eta ikusgarriena izatea gura dogu, gure kontzertu 'normaletan' eskaintzen ez doguzan 'gauzak' egongo dira. Musikeari jagokonez, 20 urteotan egin doguzan kantuak egongo dira errepertorioan eta Bixotzetik, jakina.
Sarrerak saltzen be polito gabiz, orain salduta dagozan sarrera kopuruagaz be gustora gagoz; baina badakizu 8 mila, 10 mila lagun sartzen dirala areto horretan eta gure esperantzea betetea da baina jentea espabilau daitela sarrera barik ez geratzeko. Sarrerak erosi hemen.
10.- Noiz entzungo doguz Gatiburen kantu barriak? Bihar-etzirako ze erronda darabizue?
Zoramena da orain biziten gagozana eta kantu barriak sortzeko lehenengo astia behar da eta gero jesarri eta idazten hasi... [Barreka]. Orain ez da momentua. Gure burua eta bixotza Miribillan dago eta kantu barririk oraingoz ez da egongo Bixotzetik hori kenduta. Baina ez dago jakiterik, akaso, uste baino azkarrago etorri daitekez kantu barriak... Hori bai, gure asmoa segidutea da, pozik gagoz lagunartean eta jenteak ez daiala pentsatu agur esango dogunik. Disko barria noiz? Batek jakin, aurten gatxa izango da baina...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!