Zumaiatik Lekeitiora, gazte euskaldunen topaketea
2020-03-06 09:35 Euskerea berbagaiUEMAk antolatuta, bagilaren 29tik garagarrilaren 5era egingo dabe ekimena.
Udalerri euskaldunetako gazteen topaketeak, Sato izenekoak, Zumaia eta Lekeitio lotuko ditu aurtengo edizinoan, UEMAk azaldu dauenez. Igaztik da ibiltaria topaketea, eta aurten Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko kostaldeko parajeak zeharkatuko ditue: Bagilaren 29an Zumaian hasi eta, Itziarretik pasauta, Lekeitiora helduko dira garagarrilaren 5ean. Ekimen horren inguruko datuak emoteko agerraldia egin dabe mankomunidadeko, Eusko Jaurlaritzako eta topaketak egingo diran herrietako ordezkariek.
Honeek egon dira aurkezpenean: Miren Dobaran Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Maddi Aldalur Zumaiako zinegotzia, Ainize Alzibar Lekeitioko zinegotzia, Eneritz Basurko Ondarroako alkateordea, Arantza Egaña Itziarko auzo alkatea eta Aritz Larrañaga Debako zinegotzia.
Hezkuntza arautuaren mugak gainditzeko asmoz, udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak azken hiru urteotan antolatu ditu UEMAk. Igaz 60 gaztek hartu eben parte, eta aurten 50entzako lekua dago. Izena emoteko epea martiaren 31n amaituko da. Aisialdiagaz eta euskal kultureagaz lotutako egitarau erakargarriari esker, ahalduntze kolektiborako bidea zabaldu nahi dabe.
Gazteen topaketok bat datoz sensibilizazinoaren inguruan UEMAk azken aldion hartu dauen norabideagaz. Euskerearen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu eban mankomunidadeak orain dala lau urte. Ikastetxeetan be badabiz adituak, gazteei arnasguneen eta hizkuntza ekologiaren ganeko argibideak emoten.
Egundoko garrantzia dabe udalerri euskaldunek eta arnasguneek euskerearen bizibarritzean, Miren Dobaran sailburuordeak adierazo dauenez. Horregaitik, herritarrak sensibilizetako eta kontzientzietako UEMA egiten dabilen ahalegina txalotu, eta Eusko Jaurlaritzearen eta UEMAren arteko alkarlana estrategikotzat jo dau.
UEMAko lehenedakari Iraitz Lazkanok azaldu dau ezinbestekoa dala Jaurlaritzearen eta udalen laguntzinoa herritarren artean sensibilizazinoa zabaltzeko lanean. Hain zuzen be, Salto topaketen aurtengo edizinoan lehenengo aldiz, udalek euren ekarpenak egin leikiez gazteen topaketetako egitarauan. Udalerri euskaldunetan inertziatik kontzientziarako saltoa egin behar dala azpimarratu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!