Gipuzkoako herrien izenak, liburuan eta PDFan
2020-03-05 08:09 Euskerea berbagaiPatxi Salaberrik eta Luis Mari Zalduak egin dabe azterlana.
Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, aurkeztu dau Euskaltzaindiak argitalpen barria, Gipuzkoako herrien izenen inguruko azterlan zehatza. Patxi Salaberri eta Luis Mari Zaldua egileak leku-izenen formak, bilakaerea eta jatorria emoten ahalegindu dira, idatzizko zein ahozko lekukotasunetan oinarrituta. Formatu bitan plazaratu dabe, papelean zein PDFan (hemen).
Euskaltzaindiarentzat garrantzitsua da liburua, Salaberri eta Zaldua lanketan dabizalako aspalditik, onomastika lanetan, adierazo dau Andres Urrutia euskaltzainburuak aurkezpenean. Azpimarratuko neuke onomastika modu askotan egin daitekeela, esate baterako, in vitro, hau da teoriaren arabera. Baina hemen egiten dana in vivo da: Bilatu da etimologiak zertarako diran eta zelako balioa daben guretzat, eta gizarte osoari begira.
Gipuzkoako herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia da argitalpenaren izenburu osoa. Herrialde horretako herri, auzo eta populautako beste gune batzuetako 182 izen aztertu ditue Salaberrik eta Zalduak. 4.500 lekukotza batu ditue guztira, horreetatik 700, ahozkoak. Lekukotzei esker azaldu ahal izan dabe zein dan herri-izen bakotxaren bilakaerea historian zehar, zein dan ezagutzen dan formarik zaharrena eta ze aldaketa izan dituan gaur egunera arte.
Ganera, datu horreetatik abiatuta, izen bakotxaren etimologia emoten ahalegindu dira, hau da, jatorria. Hainbat elementu hartu ditue kontuan, esate baterako agiriek denporan izandako aldaerak, euskal fonetika historikoa, lekuaren ezaugarriak eta gaurdainoko esperientziak. Metodologia serioa erabili dabe, eta zuhurtziaz atera ditue ondorioak.
Donostiako aurkezpenean, honako ondorioa plazaratu dabe egileek: Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba erromatarrek ia ikutu bako eremutzat jo izan dira gure artean. Ez naz arkeologoa, baina Kantauri isurialdeko herrien izenak hartzen badoguz, ikusten da hori ez dala holan, eragina uste baino handiagoa izan zala.
Argitalpeneko informazinoa biribiltzeko, uriburuaren (Donostia) eta herrialdearen (Gipuzkoa) izenak aztertu ditue. Leku bakotxeko herritarrei jagoken gentilizio edo deiturea be ipini dabe zerrendan (Tolosa > tolosar).
Azterlan honen atzean Euskal Herriko toponimia nagusi osoa aztertu nahia dago, Patxi Salaberriren arabera. 2004an Nafarroa Behereko azterlana argitaratu zan, 2015ean Arabakoa, eta oraingoan Gipuzkoari heltzeko unea izan dala ikusi dabe aztertzaileek.
Garbiñe Mendizabal Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasuneko zuzendariaren arabera, erabilera zorrotz eta erraza bideratuko daben lanabesak behar doguz, zientzia oinarri daben azterlanak. Zalantza barik, liburu honek ekarpen garrantzitsua egiten deutso, euskeratik, Gipuzkoari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!