Maria Riverok 'Arina' abestia eta bideoklip aurkeztu ditu

Bizkaie! 2020-03-03 12:27   Musikea

Martiaren 24an salgai jarriko dan Parentesiak disko barriaren aurkezpen-gutuna da.

Maria Rivero Balmasedan jaio eta Zeberion (Bizkaia) ezarritako sortzaile eta musikaria da. Hamaika disko argitaratu ditu bere ibilbidean musika proiektu ezbardinetan.

2020an, artisteak Parentesiak izeneko lan barria aurkeztuko dau hile honen amaieran. Lan hori Bilboko TAOM Studios-en grabau dabe eta Jagoba Ormaetxea arduratu da produkzinoaz.

Prozesua oso atsegina izan da Jagoba Ormaetxeari esker, berak nire jatorrizko ideak primeran janzten jakin izan dau eta biak eroso sentidu garen eremu batera eroan ditu. Uste dut sinpletasuna eta gitxiago da gehiago kontzeptua izan dirala biok alkar ulertzen jakin dogun puntua azaldu dau musikari bizkaitarrak.

Gaur Maria Riverok Arina abestia eta bideoklipa aurkeztu deuskuz, martiaren 24an kaleratuko dauen Parentesiak album barriaren aurkezpen-gutun legez.

Singela Luis Vil zinemagileak sortutako bideoklip batez lagunduta jatorku. Zuzendariak, Arina kantu barri honen asmoa primeran islatzen jakin dau Mariaren ustez: Bideoak primeran deskribiduten dau sormen prozesu bati ekin eta hor sortzen dan bukle zoroa. Idea bat sortu, berregin, desegin, suntsitu... eta askotan ideak berak isolatu egiten nau eta obsesionau be bai. Nahi dodana eta nahi dodan moduan transmitiduteko dudak eta bildurrak zama astuna izan daitekez eta hortik jatort kantuaren izenburua, 'Arina', egoera hori jazoten danean bihurtu nahiko neukena adierazo deusku Mariak.

Maria soinu intimo eta sinple barriakaz dator, haren ahotsa nortasun-zigilu dauela, baina uniberso berezi bategaz, artisteak orain arte esperimentau ez dauen beste plano batera hurreratzen gaituana. Sartu, entzun, eta gozau parentesiaz...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu