Josu Bergara oholtzara bueltauko da apirilean

Bizkaie! 2020-03-03 11:46   Musikea

Bilbon joko dau lehenengo kontzertua, Akorde Txikiak bandeagaz batera.

Josu Bergara eta Akorde Txikiak | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtebete baino gehiago kontzerturik jo barik egon eta gero, Josu Bergarak oholtzara igongo dau barriro, apirilean, Taupaka alkarteak iragarri dauenez. Oraingoz, kontzertu baten barri emon dau, Bilboko Udalak antolatutako Poltsiko Musika zikloan, apirilaren 4an. Formatu txikiko emonaldiak batzen dira ziklo horretan, eta estilo hori bete-betean dator bat Josu Bergararen ikuskereagaz. Gogoan izan behar da Kanta txikien indarra dala bere leloetako bat.

Bilbon izango da kontzertu hori, Bertendona institutuko areto nagusian. Josu Bergarari laguntzen Akorde Txikiak bandakoak egongo dira, hau da: Nerea Alberdi (biolina), Mikel Nuñez (pianoa), Txema Arana (bateria), Dani Gonzalez (kontrabaxua), Irati Bilbao (ahotsa) eta Lüi Young (gitarrea). Aspaldiko bidelagun ditu Bergarak musikariok.

Hortaz, izatez kantautorea dan arren, kontzertu osoagoa ikusi ahal izango da apirilaren 4an. Akorde Txikiak bandakoei esker, zuzeneko emonaldi desbardin eta originala atondu dau Josu Bergarak, melodikoa, dinamikoa eta erakargarria, baina sinpletasunaren eta txikitasunaren indarrari eutsita.

Josu Bergarak 15 urteko ibilbidea egin dau oholtza ganean, bakarka zein bandeak lagunduta. Bost disko plazaratu ditu. Abesti fresko eta argiak egiten dituala dino Taupakak, bizipoza transmitiduten dabe. Udabarritik aurrera, zaleek zuzenean entzun ahal izango ditue melodia gozo horreek, esaterako, Astelehen arrunta kantu eta bideoklipekoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu