Finalerako lehen pausua emon dabe Bertsonautak eta Atekaberts komeni taldeek
2020-03-02 11:44 BertsolaritzeaMartiaren 28ko finalerako sarrerak hemen erosi.
Leitzako 'Atekaberts komeni', Tuterako saioan.
Anizen eta Tuteran jokatu dira lehen finalaurreko bietako joaneko saioak, eta Malerrekako eta Leitzako taldeek irabazi dabe, hurranez hurran. Giro ederrean joan dira bi saioak.
Joandako zapatuan jokatu ziran 2020ko Bardoak txapelketako finalaurrekoetako lehen bi saioak. Anizen, Malerrekako Bertsonautak eta Lesakako Arranopola taldea izan ziran parez pare, 80 lagun ingururen aurrean, herriko alkartean. Malerrekakoen partetik, Alazne Untxalo, Egoitz Gorosterrazu eta Iker Gorosterrazu ibili ziran bertsotan eta Eneko Fernandez, Erika Lagoma, Etxahun Azkarraga eta Iratxe Muxika izan ziran Lesakako ordezkariak; Maialen Belarra izan zan gai-jartzaile. Malerrekakoek irabazi eben puntua eta beraz, pausu bat emon dabe Lizarrako finalean sartzeko. Dana dala, joan-itzulikoak dira finalaurrekoetako kanporaketak eta beraz, itzuliko saioan, martiaren 14an Goizuetan, izango dira barriro kantuan talde bi horreek eta orduan erabagiko da nor dan finalistea.
Tuterako Beterri peñan 40 persona baino gehiago batu ziran, Leitzako Atekaberts komeni eta Sakanako Sakaña taldeen arteko saioa entzuteko. Leitzarren aldetik, Aitzol Eizmendi, Ane Intxausti, Joanes Illarregi eta Miel Mari Elosegi Luze ibili ziran kantuan eta Ekain Alegre, Idoia Granizo eta Saats Karasatorre izan ziran Sakaña taldean bertsolari. Xabat Illarregik egin zituan gai-jartzaile lanak. Leitzako taldeak irabazi eban saioa, baina kasu honetan be, itzulerako saioan erabagiko da finalerako zein sailkatzen dan. Datorren barikuan, martiaren 6an, kantauko dabe barriro leitzarrek eta sakandarrek, Atarrabian.
Hurrengo finalaurrekoak, datorren astegoienean
Datorren barikuan eta zapatuan jokatuko dira finalaurrekoei jagokezan hurrengo saioak: Martiaren 6an, Atarrabiako Etxebeltza Alkartean kantauko dabe Leitzako eta Sakanako taldeek, Tuterako saioaren itzuleran. Biharamunean, zapatuan, Tafallan kanporaketako joaneko saioa izango da Berako Lamixene eta Barañaingo Hego haizea taldeentzat.
Finalaurrekoetatik hiru talde sailkatuko dira finalera. Martiaren 28an jokatuko da finala, Lizarra Ikastolan, 17:00etan. Honezkero salgai dagoz sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian, bai eta Lizarra Ikastolan eta Lizarrako Beinat Etxepare euskaltegian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!