Biba Ardaoak, euskal ardao organikoen banaketarako proiektu kooperatiboa martxan

Bizkaie! 2020-03-02 10:20   Jan edanak

Helburua Euskal Herrian ardaoaren kultura barria sustatzea da: ekologikoa, bertakoa, arduratsua, gaurkoa.

Biba Ardaoak Euskal Herriko ardao ekologiko, biodinamiko eta naturalen banaketarako sortutako mahastizain-ardaogile txikien proiektu kooperatibo barria da. Kooperatiba honen azken helburua Euskal Herrian ardaoaren kultura barria sustatzea da: ekologikoa, bertakoa, arduratsua, gaurkoa.

Euskal Herri osoan zehar kokatutako hamalau upategik osotzen dabe Biba Ardaoak kooperatibea: Gil Berzal, Hontza, El Mozo Wines, Biurko Gorri, Mendiko, Lezaun, Azpea, Aristu, Espila, Bordatto, Urkizahar, Ulibarri Artzaiak, Baztango Xurie eta Bordaxuria. Danak txikiak eta giza mailakoak dira, euren herri eta eskualdeetan sustraituak.

Biba Ardaoak-en katalogoa 80 ardaok osotzen dabe. Danak Euskal Herrikoak dira, Arabar Errioxa, Nafar Errioxa, Irulegi, Nafarroa, Bizkaiko Txakolina eta Getariako Txakolina jatorri deituretakoak, baita jatorri deiturarik bakoak be.

Biba Ardaoak dagoeneko hasi da Euskal Herriko hamaika jatetxe, taberna, denda, konsumo kooperatibetan eta jaietan bere ardaoak banatzen. Lehen sei hilebeteotan indarrak gehienbat Donostian kokatu baditu be apurka-apurka ganerako uriburu eta eskualdetara zabalduko dau eskaintzea. Helburua sare erreferentzial bat osotzea da ardao kultura barria, bizia, osasuntsua eta herritarra bultzatzeko.


Produktua

Biba Ardaoak-ek eskaintzen dituan ardaoak ardao ekologikoak, biodinamikoak eta naturalak dira, kalidadeko ardaoak, gustoari zein osasungarritasunari jagokonez. Oro har, ardao konbentzionaletatik bereizten diran ardaoak dira; mahastietan zein upategian kimikorik eta zuzentzaile artifizialik erabili barik egiten diranak.

• Ardao ekologikoak, biologikoak edo organikoak: mahastietan ez da pestizidarik, ez herbizidarik, ez ongarri sintetikorik erabilten.

• Ardao biodinamikoak: ekologikoek bezela ezelako osogai kimikorik ez erabilteaz gan, mahastian lurra eta biodibersidadearen orekea lortu gura da, ilargiaren eta kosmosaren energiak kontuan hartuz; animaliakaz lan egin eta osogai naturalakaz egindako tratamenduak erabilten dira.

• Ardao naturalak: gitxieneko esku hartzearen filosofia da. Mahastian nekazaritza ekologikoan edo biodinamikoan lan egiten da eta upategira heltzen dan mahats urari ez jako ezer kentzen ezta ezer gehitzen ez bada batzutan gitxieneko sulfito apur bat botilaratzean.


Upategiak

Biba Ardaoa egitasmoa hamalau upategik osotzen dabe:

• Arabar Errioxa jatorri deiturako hiru.

• Nafar Errioxa jatorri deiturako bat.

• Nafarroa jatorri deiturako lau.

• Irulegi jatorri deiturako hiru.

• Getariako Txakolina jatorri deiturako bat.

• Bizkaiko Txakolina jatorri deiturako bat.

• Jatorri izendapenik bako Baztango bat.


Markea

Markearen kontzeptu nagusia bizitea da eta hori erdigunean jartea: mahastizainen bizimodua, ardao bizidunak, nekazaritza-herrietako biziteko erea, ostalarien eta bezeroen bizipenak, mobimendu herrikoi baten bizitasuna... Biziteari gorazarre egiten deutso eta hortik sortu da marka izena: Biba Ardoak.

Irudia sortzerako orduan, euskal mahastizainen ardaoaren organikotasunari heldu jako, artisauen lan egiteko moduakaz marka tipografikoa sortuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu