Lide Hernando: 'Fikzinoa erabili dogu erreala dan arazo batez berba egiteko'
2020-03-02 08:03 BarriketanLiher taldeko kidea.
Diskoa baino gehiago da Hemen herensugeak daude, Liher talde gipuzkoarraren lan barria. Proiektu transmediatzat aurkeztu dabe, euskarri eta formatu ugari batu dituelako: CD-liburua, ilustrazinoak eta ikus-entzunezkoak dira osogaiak. Disko kontzeptuala da honako hau, kantu guztiek istorio edo hari bati segitzen deutsie, barru-barrutik urtendako berbakaz eta Liherrek ohikoa dauen rock astunari uko egin barik.
Musikazko istorio horren protagonistea izen bako emakume bat da, eta bortxatu dauen gizonari aurre egin deutso. Lide Hernando taldeko abeslari eta gitarra joleak emon deuskuz azalpenak diskoaren ezaugarrien eta transmitidu nahi izan dabenaren inguruan.
1.- Diskoaren abiapuntua eta gai nagusia gordin-gordinak dira, bortxaketa bati aurre egitea. Zer dala eta pentsau dozue disko monografikoa egitea?
Sormen prozesua kaotikoa izaten da, ez dogu galdera bat egiten eta horren arabera sortzen, bidean zehar agertzen dira ideak. Kasu honetan, aurreko diskoa amaitu genduanetik garbi geunkan hurrengo laneko abestiak alkarren artean lotuta egongo zirala. Nik neuk, ganera, azkenaldian indar handiz sentidu dodaz feminismotik heldutako ideak plazaratzeko gogoa. Oskarbi izenekoa izan zan lehenengo abestia, azkenean diskoaren erdi partean geratu da; baina, hor, ia nahi barik agertu zan emakume protagonista bat, gizon bati aurre egiten deutsana, baina zergaitiak azaldu barik. Abiapuntu perfektua zala ikusi neban. Bestetik, neure inguruan ezagutzen dodaz persona batzuk, bikote barruan arazoak izan dituan jentea, eta omenaldia egin nahi izan deutset.
2.- Fikzinozko eta izenik bako neska bat da kanturik kantu deskubriduko dogun istorio horretako protagonistea. Baina bortxaketen eta indarkeria matxistearen gaia bene-benetakoa da.
Bai, ohituago gagoz pelikuletan fikzinora eroandako istorioak ikusten, baina musikan, ostera, dana da erreferentzialagoa, fikzino gitxigaz. Gure kasuan ez da holan izan, fikzinoa erabili dogu erreala dan arazo baten inguruan berba egiteko.
3.- Hamalau abestiko diskoa da. Gai nagusiaz aparteko bideak hartu dozuez kanturen baten?
Ez, danak dira istorio nagusi horren parte, kantu bakotxak istorioaren bilakaerearen momentu bat agertzen dau. Gehiago esango deutsut, kantuen hurrenkerea kronologikoa da. Gehienak protagonisteagan zentrauta dagoz, bere ikuspuntutik kontau doguz gauzak. Pare bat kantutan bigarren mailako pertsonaia batzuen ikuspuntutik kontauta dagoz jazoerak.
4.- Diskoa ez eze, ikus-entzunezkoa eta ilustrazino zein testudun liburua be bada Hemen herensugeak daude proiektua. Zer moduzkoa izan da formatuak nahasteko esperientzia hori?
Oso ondo joan da, pozik nago aspaldian lokalean botatako idea zoro horreetako bat bete dogulako. Bideoklipak, ilustrazinoak... danetarikoa sartu dogu. Jakina, gu musikariak gara, eta horretaz arduratu gara gehienbat, beste arloetarako profesionalak izan doguz geugaz lanean. Hori bai, dana Liherren izenean joan da gero, baina laguntzaile horreei guztiei esker urten dau aurrera lan honek.
5.- Zuenaz gan, beste sortzaile batzuen proiektuak ikusita, adierazpide artistikoak batzeko jokerea zabaldu dala uste dozu?
Beharbada bai, izan leiteke. Oraintsu ezagutu dot Izaroren azken diskoa, eta konturatu naz badituala istorioak bere barruan, argazkigintza landua... Kointzidentzia polita da, bapatean talde batek baino gehiagok halako gauzak egitea. Beste erreferente bat Rosalía da, harek pixka bat berbiztu eban disko kontzeptualaren idea. Musikea, animazinoa eta argazkiak batu izan ditu bere bideoetan, eta gure oinarri musikalak beste batzuk dira, baina erreferentzia hor dago. Akaso izkutuago, baina formatuak buztartzeko jokerak beti egon dira, eta gaur egun azaleratu egin dira.
6.- Formatu barriak probau dozuez, beraz. Estiloaren eta musikearen aldetik, aldaketarik igarriko dabe zaleek?
Alde horretatik antzeko segitzen dogula esango neuke, rock pisutsuaren estiloari eutsi deutsagu. Orain, dana dala, gure estiloa hobeto definiduta dago, zehatzagoa da, badakigu ze soinu sortu nahi dogun. Disko honetan, ganera, blues ikutu gehiago dagoz, eta punkean be pixka bat sartu gara.
7.- Liher proiektuaren bidea topau dozue?
Gero eta argiago daukagu abesti batek ze soinu izango leuken guk jo ezkero. Egia da gure estiloaren barruan abaniko handia dagoala, baina gitxi gorabehera geure burua topau dogu, behinik behin.
8.- Kantuak sortu edo grabetako orduan, ez dozue kolaboratzailerik izan?
Ez, oraingoan ez. Kolaboratzaile barik, gu laurok bakarrik gagozala, egin dogun lehenengo diskoa da. Gugandik urtendako zeozer izatea nahi genduan, eta sormen prozesu osoa geuk egin dogu, berbak gehienbat neuk idatzi dodaz. Oso pozik geratu gara. Grabazinorako bai, kanpoan grabetan ibili gara, Katalunian, hango teknikari bategaz, Santi Garciagaz.
9.- Lehenengo aldiz urten dozue kanpora grabazinoa egiten. Zer moduz joan da esperientzia?
Esperimentazinoa izan da, eta ondo. Azken finean, guk badaukagu teknikari bat taldean, Iñigo Etxarri. Gitarrea joteaz gan, teknikari be ibilten da, aurreko disko biak bere estudioan egin doguz. Baina saltoa egin eta kanpora jotea erabagi genduan, Iñigoren beraren idea izan zan. Gure gustuko taldeakaz grabazinoak egin dituan teknikari bat bilatu genduan. Hiru astez egon ginan Gironan, danetara. Ni neu astebetez baino ez, ze geure lana be badaukagu eta ezin doguz nahi adina egun hartu. Alokatutako estudio baten bizkorrago egin behar dozu lan, azken eguna deika daukazulako. Gauzak atzeratu barik egitearen presinoa daukazu, baina oso gustura egon gara.
10.- Liher proiektuan bakarlari hasi zinan, baina berehala bihurtu zan laukote. Zer emon eta kendu deutsu taldekideak sartu izanak?
Bakarkako sasoiak ia historiaurretzat daukadaz! Oso polita izan zan, baina bakarkakoak ez dauka zerikusirik orain egiten dogunagaz. Pentsetan dot, hasierako kontzertu txikietako intimidadea, jentea hur eukitea galdu dodala. Batzuetan a capella kantetan neban. Baina irabazi be asko egin dot, barruan dodan nortasun musikala taldeari esker atera dot. Taldearen babesa be inportantea da, positiboa izan da aldaketea.
11.- Hasierako kontzertu txikien aldean, orain agenda bete-betea daukazue. Martiaren 6an hasiko dozuen biran atzerrira be joango zarie [egutegia hemen]. Zer sentiduten dozu horrenbeste zaleren onespena eukita?
Ordu amaibakoetan egindako lan piloak saria ekarri dauela sentiduten dot. Pausuz pausu joan garela uste dot, ibilbide graduala izan da gurea, eten bako lanaren ondorioa.
12.- Birako kontzertuak zelakoak izango dira?
Orain artekoak baino kontzertu luzeagoak izango dira, hamalau kantuko diskoa estreinau beharra dagoalako. Ilusino handiz heltzen deutsagu disko bakotxari, gure indar guztia ipinten dogu proiektu bakotxean, horregaitik, jenteak jakin behar dau disko barrian oinarrituko dirala kontzertuak. Kantu zaharrak joteko astia be egongo da, aurreratxuago beharbada, baina aurkezpen kontzertuetan jentea etorri daitela kantu barriak entzuteko prest, ahal bada diskoa aurretik entzunda.
Teloia, disko barriko lehenengo singlea da, ikusi bideoklipa hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!