Alkarlanean egindako kantua eta bideoklipa aurkeztu ditu 2020ko Ibilaldiak

Dabi Piedra 2020-02-28 12:49   Euskerea berbagai

Emozinoak eta gauzak egiteko gogoa transmitidutea da helburua.

David Cobos, Eider Barrena, Josune BaƱales eta Iraitz Erkiaga | Ikusi handiago | Argazki originala

Pixkanaka hurreratzen doa maiatzaren 31, Elorriok Bizkaiko Ikastolen Ibilaldia hartuko dauen eguna, Txintxirri Ikastoleak antolatuta. Urteroko hitzorduan falta ezin diranez ez kantua ez bideoklipa, Bilbora joan dira Txintxirrikoak gaur, horreek aurkezten. Hel horri! da 2020ko Ibilaldiaren leloa, eta kantuan be gogoan izan ditue Elorrio, elorriak eta balio positiboei heltzeko deia.

Ikusi bideoklipa hemen.

Kasu honetan, ikastolen jaietan ohikoa izaten danaren kontrara, ez dabe talde edo musikari profesionalakana jo abestia eta bideoklipa egiteko. Alkarlanean sortu ditue, irakasle, guraso, ikasle eta kide ohien artean. David Cobos ikastolako zuzendariaren arabera, danen arteko lankidetzea da Txintxirriren jarduteko modua, eta kantua eta bideoa egiteko be, holan jokatu dabe. Grabazinoetan, herriko musikari eta abeslarien laguntzinoa izan dabe.

Emozinoa transmitidu nahi izan dogu, eta gauzak egiteko gogoaren bidez egin dogu, ganeratu dau Cobosek. Txintxirriko arduradun Eider Barrenak zehaztu dauenez, bideorako irudiak grabetako orduan, ikasleei parte hartzeko eskatu deutsie: DBHkoei ariketa lez proponidu geuntsen kantuagaz lotutako irudiak grabetako; horregaitik, plano batzuk bertikalean grabauta dagoz, eskuko telefonoakaz ibili ziralako lanean.

Txintxirri Ikastolearen nortasunaren zipriztinak sartu ditue bideoaren irudietan, Barrenak azaldu dauenez. Kantuaren berbak idazteko orduan, 2020ko Ibilaldiaren ardatz diran kontzeptuei egin deutsie keinu: Naturea, feminismoa, parte-hartzea, inklusinoa, euskerea... Iraitz Erkiaga irakaslea izan da berbak idazteaz arduratu dan hirukoteko kideetako bat: Letra ulergarria, mezu zuzena eta kantetako erraza egiten ahalegindu gara, adierazo dau.

Elorrioko Ikastolea 1968an zabaldu eben, eta 1972tik dago Txintxirri izeneko XVII. mendeko jauregian. Harrezkero, handitu eta zabaldu egin da, baina jauregia da oraindino zentroaren erdigunea. Hezkuntza proiektu bereziari esker, hainbat sari eta ziurtagiri emon deutsiez, baina horrek ez dau esan nahi jentearen babesik ez dabenik behar. Hori dala eta, 1999an eta 2006an Ibilaldia antolatu eben Elorrion.

Beraz, maiatzaren 31koa hirugarren Ibilaldia izango da herrian. Ikastolearen lana sendotu eta gizarteratzeaz gan, beharrizan materialei aurre egiteko aprobetxauko dabe jaia. Bioeraikin barria egin eta Txintxirri jauregia berrantolatzea dira lehentasunak.

Hona hemen Hel horri!, 2020ko Ibilaldiaren kantuaren berbak, Itsaso Basaurik, Haritz Luzarrek eta Iraitz Erkiagak idatziak:

HEL HORRI!
Herritik sortua herriarentzat
Badauzkagu nondik ta norantzak
doinu zaharren erritmo berrian
ez du etenik ikastolen dantzak

Zer baino lehen nor garenez
hazi eta hezi nortasunez
gutako bakoitza berezia,
bereizia geurean inor ez.

Nik zuri, zuk hari,
denok batera, hel horri!
herriz herri, Euskal Herri!
Ibilaldira etorri!

Nik zuri, zuk hari,
denok batera, hel horri!
herriz herri, Euskal Herri!
Elorriora etorri!

Bertan egina murtxikatu,
lurrari eman, lurretik hartu.
hitzak marraztu, gorputzek berba,
matematikak musikatu.

Enbor sendodun elorria
urtero erantziz orria,
etengabeko eraldaketan
sustrai moretik fruitu gorria.

Nik zuri, zuk hari,
denok batera, hel horri!
herriz herri, Euskal Herri!
Ibilaldira etorri!

Nik zuri, zuk hari,
denok batera, hel horri!
herriz herri, Euskal Herri!
Ibilaldiara!

Nik zuri, zuk hari,
herriz herri, Euskal Herri!
Nik zuri, zuk hari,
herriz heri,
Hel horri

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu