'Orri zurirako gutun zuria' lemapean, Gutun Zuria 2020
2020-03-12 08:04 KultureaLetren Nazinoarteko Jaialdia martiaren 31tik apirilaren 4ra izango da.
Azkuna Zentroak Gutun Zuria, Bilboko Letren Nazinoarteko Jaialdia hartuko dau martiaren 31tik apirilaren 4ra. Aurten, hitzordua saiakera edo ahalegin kolektibo legez dator, denpora errealean, zenbait euskarritatik, gizartean jazotako eraldaketen zehaztasunetara hurreratzeko prest.
Bilboko Udaleko Kulturako zinegotzia Gonzalo Olabarriak, Azkuna Zentroko zuzendaria Fernando Pérezek eta Mediatekako arduraduna Alasne Martínek aurkeztu dabe aurtengo programazinoa gaur goizean.
Gutun Zuriak saiakerea, berbea edo ahalegina literatura-genero izakeratik harago jorratuko dau, kultura-prozesu zein pentsamendu garaikide legez, kulturan jarduteko eredu moduan. Hori guztia, uste sendo batetik abiatuta: saiakerak egitea ez da literatura-genero baten edo ofizio baten gai esklusiboa, jarrera batetik abiatuta baino, eta jarrera horren barruan, besteak beste, bozetoa, zirriborroa, planoa, landa-entrenamendua eta laborategiko esperimentua dagoz.
Big Data eta feminismoa, duintasunaren eta duintasunik ezaren arpegi anitzak, artea praktika eta diskurso legez, trap-aren filosofia milleniala, eredugarritasuna eta mutazino betean dagoan euskal literatura baten argazki finkoa, transkulturala eta transexuala, fikzinoa eta egia, testua eta gorputza lantzen dituan testu edegia.
Gatopardo-ren garaiaren antitesia da gurea. Lampedusak aldarrikatzen ebanaren kontra -Dana aldatu daitela inor aldatu ez daiten-. Komunismoak indarra galdu ondoren bizirik iraungo eban mundu unipolarraren fantasia lausotuta, 2020an, mundua armau eta armabakotu egiten da hainbat ereduren bidez, baina jentea hareen kontra agertzen da begiramenik barik. Holan, gaur egun, gizartea Nazinoarteko Diru Funtsaren edo Txina kapitalkomunistearen kontra altzetan da. Sandinismoaren buruzagi ohi bat buru dauen Nikaraguaren kontra edo eredugarritzat jo zan Espainiako transizinoaren ereduaren kontra. Eta patriarkaduaren edo klima-aldaketearen kontra. Edozerk piztu leike sua: metroaren tarifak, planetearen desagerpenak, etxebakotze edo kaleratze batek...
Mobimendu horren erdian, 2020ko Gutun Zuria denpora errealean egindako saiakera kolektibo legez proposatzen da, orainaldia arakatzeko eta orri zurirako gutun zuri eskaintzeko prest, hau da, egiteko dan funtzinoa hartuko dauen antzoki huts moduan, muntau bako erakusketa-areto modura, entzuteko dagozan instrumentuen afinazino legez, beteteko dagoan Alondigako espazioa bera bezela. Aldarrikatu egiten dogu artean, musikan, antzerkian edo performancean, fikzinoan zein teorian, dagoan pentsamendua. Pentsetea babesten dogu, tripakaz nahiz buruagaz. Lantzen ditugu big dataren erabilerea eta abusua, traparen diapasoia, eredugarritasuna eta trans izakerea (kulturala, sexuala, nazionala, urikoa). Ardura deuskue interfazeak zein inperioak indarrik barik geratzea, diferentzia eta hipernormalizazinoa, kulturea eta zoramena, erdigunea eta periferia. Euskal literaturearen autorretratuan sakontzen jarraitzen dogu. Hori guztia, ondo sinistuta saiakerea edo ahalegina ez dala ofizio bat, ez literatura-genero bat nahitaez, kultura-jarrera bat baino, barruan hartzen dituana zirriborroa eta planoa. Landa-entrenamendua eta laborategiko esperimentua. Hortik abiatuta, gure jardunaldietan mundu honetaz eta haren eraldaketaz eztabaidatuko da, dagoeneko gure elite politikoek ezin dabelako agindu, ez elite ekonomikoek erosi, ez eta elite intelektualek azaldu be.
Aurtengo programan nabarmentzen da emakumeek gaur egun daben rola, nazinoarteko intelektual garrantzitsuenetako batzuen presentziagaz: Jaialdia Alma Guillermoprieto kazetari, irakasle, jantzari eta idazle mexikarrak edegiko dau, 2018ko Komunikazino eta Giza Zientzien Asturiasko Printzesa Saria eta Ibilbide Profesionalari Ortega y Gasset Saria dituanak. Programearen barruan izango dira: Marta Peirano kazetaria, zaintza, azpiegiturak, subiranotasun teknologikoa, propaganda konputazionala eta klima-aldaketa lako gaietan erreferentea; Javier Gomá, idazlea, filosofoa eta 2004ko Saiakera Sari Nazionala; eta Paul B. Preciado, munduko transgenero filosofo garrantzitsuenetako bat, queer teoriaren eta genero ikasketen erreferentea.
Gutun Zuriaren programazinoa ikusi hemen.
Azkuna Zentroak entsegua eta esperimentazinoa zentroaren programazioan txertatu gura dau baita Proiektu Programearen arlo estrategikoetan be: gorputzak, teknologia eta uria.
Azken buruan, 2020ko Gutun Zurian, Acción Cultural Española, BBK eta Institut français dira laguntzaile.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!