'Ezkerraldea euskeraz' ikur barria aurkeztu dabe
2020-02-25 13:27 Euskerea berbagaiBarakaldo, Portugalete, Santurtzi eta Sestaon euskerearen erabilerea bultzatzeko erabiliko da.
Bilboko Itsasadarraren Ezkerraldeko lau udal nagusietako Euskera Sailek bat egingo dabe aurrerantzean, euskerazko jarduerak bultzatzeko orduan. Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtziko udalek logotipo edo ikur barria aurkeztu dabe, erabiltzaileek euskerazko jarduerak identifiketako erraztasun handiagoa izan deien.
Ezkerraldea euskeraz leloa da ikur barriaren ardatza, kanpainearen asmoa argi eta garbi adierazoten dauen esaldia hain zuzen. Lau udalek azaldu dabenez, indartu egin nahi dabe Ezkerraldearen eta euskerearen arteko loturea. Euskaldunen komunidadeko kide izatearen harrotasuna aldarrikatzea be bada helburuetako bat, tradizinoz erdalduntzat jotako eskualde batean.
Soziolinguistika alorreko inkestei begiratu ezkero, egia da euskaldunen proportzinoa ez dala handia Ezkerraldeko lau udalerriotan, eta are txikiagoa da erabilerea. Baina ez da ahaztu behar, kopuru absolutuei kasu egin ezkero, euskaldun ugari bizi dirala Ezkerraldean. Hortaz, beharrezkoa da euskaldunentzako jarduerak antolatzea.
Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtziko udaletako Euskera Zerbitzuen arteko alkarlana ez da kontu barria. Ganera, 2018tik, eskualde osoari jagokozan gaietan batera egiten dabe lan. Orain arteko hartu-emonak eraginkorrak izan diranez, aurrerantzean be holan segiduko dabe, eta Ezkerraldea euskeraz ikurrari esker nabarmenagoa izango da alkarlana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!