Edegi dabe V. Basque Culinary World Prize sarirako izendapenak egiteko deialdia

Bizkaie! 2020-02-24 10:25   Jan edanak

Gaur arte, 42 herrialdetako 450 sukaldari baino gehiago izentau dira sarirako. 

Kolonbiako Leonor Espinosa chefa, 2017an saria irabazi ebana. | Ikusi handiago | Argazki originala

Martxan da Basque Culinary World Prize sariaren 5. edizinorako izendapenak egiteko prozesua. Saria urtero emoten da, eta sukaldaritzearen esparrua gainditu eta beste hainbat arlotan, esaterako teknologian, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean, elikagaien produkzinoan edo garapen sozialean eta ekonomikoan eragina daben sukaldari aitzindarientzat da.

Sari aitzindari eta global honek munduko sukaldari onenen babesa dauka. Eusko Jaurlaritzeak eta Basque Culinary Center-ek alkarregaz sortutako sari honek goraipatzen dau sukaldariek beren sormena, ezagutza, lidergoa eta ekintzailetzea erabiliz gizartearen barruan aldaketa bat sortarazoteko daben ahalmenari esker gastronomiak izan leiken eragina. Munduan eraginik handienekoak diran sukaldariek eta nazinoarteko akademikoek eta adituek eratutako diziplinarteko epaimahai batek aukeratuko dau irabazlea. Urtero, bere lanagaz sariaren espiritua –gastronomiaren bitartez gizartea eraldatzea– adierazoten dauen sukaldari bat aukeratzen dabe: Saritzat 100.000€ emongo dira, gastronomiaren ahalmen biderkatzailea adierazoten dauen ekimen batean erabilteko.


Izendapenak egiteko aldia

Maiatzaren 4a baino lehen, gastronomiaren sektoreko profesionalek eta erakundeek gastronomia aldaketearen eragile bihurtu daitekeela erakusten daben sukaldariak izentau ahal izango ditue; izendapenak Basque Culinary World Prizeren webgunean egin behar dira.

Sari honek komunidade gastronomikoaren ezagutza kolektibora joten dau mundu osoko profesionalak topetako eta sektorean esperientzia profesionala dauen edozein sukaldariri edegita dago, bardin dala ze kultura, nazionalidade edo nabarmentasuna dauen.


Izendapenetarako prozesua

Izendapenak egiteko epea amaitu eta gero, aditu eta akademiko ospetsuakaz eratutako batzorde teknikoak hautagaiak ebaluau eta hamar finalista aukeratuko ditu.

Basque Culinary Centerren Nazinoarteko Kontseiluak 2020ko irailean Japonian egingo dauen hamargarren urteko bileran aukeratuko da irabazlea. Yoshihiro Narisawa sukaldari japoniarra izango da topaketearen anfitrioia, eta Joan Roca (Espainia) buru izango dauen eta munduan eraginik handienekoak diran sukaldariek osotutako epaimahai batek egingo dau aukeraketea, tartean, Andoni Luis Aduriz (Euskadi), Eneko Atxa (Euskadi), Massimo Bottura (Italia), Manu Buffara (Brasil), Dominique Crenn (AEB), Trine Hahnemann (Danimarka) eta Enrique Olvera (Mexiko).

'Basque Culinary World Prize da gaur egun, gure lanbideak dauen erantzukizun handia eta elikadurak planetako ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen iraunkortasunean dauen eragina ulertuta, sukaldaritzea oso modu desbardinean hartzen dogun sukaldariok gehien errespetetan dogun saria. Aurten, munduko alde guztietako komunidade gastronomikoa osotzen daben persona guztiak gonbidetan ditugu izendapenetan parte hartu deien; holan, jentearen artean merezidu daben ospea akaso ez daben historia eraldatzaileak eta inspiratzaileak deskubriduten jarraituko dogu, ekimen hain inspiratzaile honetan adierazpide izan deien' esan dau Joan Rocak, sariaren epaimahaiko presidenteak, Basque Culinary Centerren Nazinoarteko Kontseiluko kideak eta El Celler de Can Roca (Girona, Espainia) jatetxeko sukaldariak.


Bermea dauen saria

2019an, Anthony Myint estadubatuarra izentau eben sariaren irabazle, gastronomiaren bitartez gizarteak dauen erronka larrienetako bati aurre egiteagaitik: klima aldaketeari. Ikerketea eta tresna praktikoak buztartuz, Myint San Frantziskotik dabil, ZeroFoodprint proiektuaren eta The Perennial Farming Initiative ekimenaren bitartez, mundu osoko jatetxeakaz alkarlanean, ingurumenean daben eragina murriztuko daben neurrirako konponbideak topetako.

Benetan hunkituta nago Basque Culinary World Prize sariak elikadurearen munduaren barruko urtenbide baikorretan fokua ipini dauelako eta oso ohore handia da niretzat mobimentu handiago baten hasierea izango dala espero dodan honen ordezkari izatea adierazo eban Anthony Myintek, Basque Culinary World Prizen 2019ko edizinoko irabazleak.

Aurreko edizinoetan, Eskoziako Jock Zonfrillo chefak eskuratu eban Basque Culinary World Prize saria (2018). Australiako jatorrizko herrixketako jateko moduak eta gordeteko dabil lanean, eta kultura zahar hori ezagutzeko eta aldarrikatzeko zereginean dabil buru-belarri. Kolonbiako Leonor Espinosa chefak eskuratu eban saria 2017an, Funleo fundazinoaren bidez Kolonbiako herrixken aspaldiko jakintza aldarrikatzeagaitik. Inaugurazino urtean (2016), barriz, Venezuelako Maria Fernanda di Giacobbe chefak irabazi eban saria, hezkuntzan, ekintzailetzan, ikerketan eta garapenean oinarrituta eta kakaoa, Venezuelako nortasun, kultura eta aberastasun ekonomikoaren iturria dan neurrian, ardatz hartuta abian jarritako ekimenari esker.

Eusko Jaurlaritzeak eta Basque Culinary Centerek, biak sariaren sortzaile izanik, hau adierazo dabe:

Bittor Orozek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduraren Politikako sailburuak, nabarmendu dau sari bakar eta orokor hau Eusko Jaurlaritzearen Euskadi-Basque Country Estrategia inklusiboaren parte da, jakin baitakigu lankidetzatik irabazi ahal izango dogula gure espazio propioa munduan, eta horren bidez indartu ahal izango dogula Euskadi nazinoarteko erreferentziazko lurralde legez. Munduari beti ateak zabaldu izan deutsozan herrialde baten ibilbide eta eskarmentu egiaztatua daukagu eta, gainera, euskal komunidade aktiboen sare propio bat dogu atzerrian, Euskadi nazinoartekotzeko erronkeagaz erabateko konpromisoa dauena. Basque Culinary World Prize eta pareko ekimenen bidez, gizarte eredu bidezkoago eta iraunkorrago bat osotzen laguntzen dogu.

Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, ostera, azpimarratu dau: Basque Culinary World Prizek nabarmendu dau zelan fenomeno global batek –gastronomiak– gizartea eraldatu leiken. Aurten, fenomeno hori sendotzen jarraitu nahi dogu, sukaldariek aldaketa sozialerako eragile legez daben zeregin aktiboa nabarmenduz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu