EAEko 25 urtetik beherako gazteen % 34k dabe euskerea ama-hizkuntzea
2020-02-21 12:04 Euskerea berbagaiHazkunderik handiena izan dauen lurraldea Araba izan da.
Euskadiko Autonomia Erkidegoko 25 urtetik beherako hiru gaztetik batek euskerea du ama-hizkuntzea, gaur ospatzen dan Ama Hizkuntzearen Nazinoarteko Egunaren harira Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ezagutarazotako datuen arabera. Biztanleriaren azken erroldeari erreparauta, 5 eta 24 urte bitarteko gazteen % 33,73k euskerea edo euskerea zein gaztelania dabe ama-hizkuntzea. Lurraldeka, Gipuzkoa da euskerea ama-hizkuntzea daben gazteen kopururik handieneko lurraldea (% 51,53); ondoren, Bizkaia dator (% 26,4) eta, hirugarrenik, Araba (% 17,44).
Eustatek egindako azken Biztanleria eta Etxebizitza Estadistikearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 5 eta 24 urte bitarteko 389.767 lagun dagoz. % 20,59k euskerea dabe ama-hizkuntzea, eta % 13,14k euskerea zein gaztelania; % 61,95ek dabe gaztelania ama-hizkuntza bakarra, eta % 4,33k dabe beste ama-hizkuntzaren bat.
Lurraldeei erreparauta, Gipuzkoan, euskerea ama-hizkuntzea daben gazteen kopurua gaztelania ama-hizkuntza bakarra daben gazteen kopuruaren gainetik dago. Gipuzkoako gazteen (kasu honetan, 5-24 urte) % 51,53k euskerea edo euskerea eta gaztelania ditue ama-hizkuntza lez (% 36,23k euskerea bakarrik eta % 15,3k biak, euskerea eta gaztelania). Gaztelania ama-hizkuntza bakarra daben Gipuzkoako gazteen ehunekoa % 44,12koa da, eta gipuzkoarren % 4,35ek beste hizkuntzaren bat edo batzuk ditue lehen hizkuntza lez.
Bizkaian, 5-24 urteko gazteen % 26,4k euskerea edo euskerea zein gaztelania dabe ama-hizkuntzea (% 14,08k euskerea bakarrik eta % 15,3k euskerea eta gaztelania). Era berean, Bizkaiko gazteen % 69,9k gaztelania baino ez dabe ama-hizkuntza bezela, eta % 3,7k beste ama-hizkuntzaren bat.
Azkenik, Arabako gazteen % 17,44k euskerea dau lehen hizkuntzea (% 6,5ek euskerea bakarrik eta % 10,94k euskerea eta gaztelania). Arabarren % 76,22k gaztelania dabe ama-hizkuntza bakarra bezela, eta % 6,34k beste hizkuntzaren bat dabe lehen hizkuntzea.
Bilakaerea
Euskeraz jakitea kontuan hartu eben lehen errolda-datuen bilakaereari erreparauta, hazkunde nabarmena ikusten da. Holan, 90eko hamarkadearen hasierako datuak azken errolda-datuakaz konparauta, aldea 10 puntu baino gehiagokoa da. 1991n, euskerea ama-hizkuntzea eben 25 urtetik beherako gazteen kopurua % 22,31koa zan (% 17,1 euskerea bakarrik eta % 5,21 euskerea eta gaztelania), gaur baino ia 12 puntu gitxiago. Halan da be, datu horreen arabera, batez be hizkuntza biak ama-hizkuntzea dituenen ehunekoak egin dau gora (% 5,21etik % 13,14ra; ia 8 puntu).
Hazkunderik handiena izan dauen lurraldea Araba izan da, izan be, euskerea ama-hizkuntza bakarra edo bi ama-hizkuntzetako bat dabenen kopuruak 13 puntu egin dau gora (% 4,01etik % 17,44ra). Bizkaian, ehuneko horrek ia 12 puntu egin dau gora (% 14,76tik % 26,4ra), eta Gipuzkoan, barriz, 9 puntu (% 42,73tik % 51,53ra).
Euskerea ama-hizkuntzea daben gazteen kopurua herena bada be, ezagutzea askoz handiagoa da 25 urtetik beherako gazteen artean (% 80tik gorakoa). Halan da be, euskerea ama-hizkuntzetako bat izateak erabileran gehien eragiten dauen faktoreetako bat da. Azken Euskerearen Inkesta Soziolinguistikoak agirian itxi ebanez, edade-talde gazteak dira euskerea gehien erabilten dabenak eta, era berean, hazkunde nabarmena islatu eban 1991ko datuakaz konparauta (Euskerearen lehen Inkesta Soziolinguistikoa urte haretan egin zan). 1991n, euskerea gaztelania beste edo gehiago erabilten eben gazteen (16-24 urte) ehunekoa % 12,4koa zan; egun, kopuru hori % 29,5ekoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!