Hemen da Bertso Bizi Gazte 2020

Bizkaie! 2020-02-21 08:37   Bertsolaritzea

Gazteen euskerearen erabilerea sustatzea da helburua.

Gazteen euskerazko sormena bultzatzea helburu dauen Bertsoa Bizi Gazte martxan dago. Arabako Bertsozale Alkartea da ekimenaren sustatzailea eta Arabako Foru Aldundia laguntzailea. Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Bertsozale alkarteak Bertsoa Bizi Gazte bideoklip eta zuzeneko lehiaketea aurkeztu dabe, gazteen euskerazko sormena bultzatzea helburu dauen proiektuaren nondik norakoak aurkeztu nahi ditugu. Lehiaketearen oinarriak, sariak eta maiatzaren 23an Legution izango dan jai handiaren barri emon gura dogu hedabideen eta gizartearen aurrean.

14-18 urte bitarteko gazteentzako proposamena da. Gitxienez hiru eta gehienez zortzi laguneko taldea osotu eta bi-hiru minutuko bideoklipa bialdu behar da maiatzaren 15a baino lehen bertsoabizi@gmail.com helbideera. Gazteen euskerazko sormena lantzeko, aurretik 1.500 ikaslegaz egin dabe lanketea DBHko 18 ikastetxetan.


Zer da bertsoa bizi gazte?

Bertsoa Bizi Gazte 2016an Arabako Bertsozale Alkarteak abiarazotako egitasmoa da. Gazteen euskerearen erabilerea sustatzea dau helburu eta horretarako euskerazko sorkuntzea da ardatz nagusia, baina musikea, rapa edo ikus-entzunezkoen arteko fusinoa lantzea da oinarri nagusia. Egitasmoak eragin eremu nagusi bi ditu, bata, hezkuntza arautuan kokatua; bertan, Arabako institutuetan (dbh3-4 mailatan batez be) hiru-lau orduko murgiltze saioak izaten dira, ondoren euren produkzinoak taularatzen dira bertso saio parte-hartzaile baten bitartez.

2018-2019 ikasturtean, 1500tik gora gazterengana heldu ginan lehen saio honegaz, baita Arabako eskualde gehienetara be. Aisialdi eremuan, barriz, BBG lehiaketearen bidez, taldekako euskerazko sormena bultzatu asmoz ikus-entzunezko lanak osotu zituen, izan bertso musikatu moldean, abesti edo rap moldeetan. Behin bideo klip lanak jasota, lehiaketeak sare sozialetan boto bidezko ibilbidea izan zeben eta azkenik Bertsoa Bizi Gazte Eguna antolatu genduan Legution maiatzaren 11an. Bertan, Arabako gazteak batu eta egun osoko egitaraua osotzeaz gan, sariak emon, zuzeneko saioa egin eta gazteen arteko loturak sustatu asmoz, Arabako gazteen bertso txapelketako finala be egin genduan.

2019-2020 ikasturtean, 1500tik gora gazterengana heltzea espero da. Murgiltze saioen bidez, igazko institutu gehienek emon deutse jarraipena ikasturte honetan (Gasteiz, Lautada, Mendialdea, Aiaraldea eta Gorbeialdean). Horrezaz gan, bideoklip lehiaketearen bidez parte hartzea bardinduko dala aurreikusten da. Hau gitxi balitz, aurten zuzeneko saioak egiteko aukerea be lizango da lehiaketearen barruan.


2020ko BBG 

BBG Arabako Bertsozale Alkarteak antolatzen dau Arabako Foru Aldundiaren babesagaz. Arabako gazteen euskerazko sorkuntza bultzatzea dau helburu lehiaketeak eta taldeka aurkeztu beharko ditue euren lanak (3-8 lagun). Gaiaren aukeraketea talde bakotxaren esku egongo da eta bertso musikatu, abestiei letrak aldatu edo RAP moldeetan eta euskera hutsean egin beharko dabe lana. Maiatzaren 15erako aurkeztu beharko ditue lanak eta maiatzaren 23an, BBG eguna izango da Legution, Legutioko udaletxearen babesagaz; bertan, bideoklipak ikusi, zuzeneko saioak entzun eta bertsolari gazteen eskolarteko saioaz gozau, sariak emon, herri bazkaria, kontzertuak... Egun osoko egitaraua gazteen gozamenerako. Sariei jagokenean, aurten be 4 sari nagusi eskainiko badira be, bideoklip onenaren saria, zuzeneko onenari, webgunean boto gehien dituanari eta txalo metroaren saria, guztiek irailaren 4, 5 eta 6an astegoien pasa bera izango dabe sari, hain zuzen, Zuhatzan kirol abentura, euskerea eta sormenaz gozetako aukera parebakoa izango dabe saridunek, Uribarri-Ganboako urtegiko inguru ezin hobean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu