Quebeceko itzultzaile bik euskal literaturea zabaltzen lagunduko dabe

Bizkaie! 2020-02-21 08:04   Euskerea berbagai

Zabalik dago Itzultzaile Barriak programako deialdi barria.

Nazinoarteko literatura itzultzaileak euskeraz trebatu eta nazinoarteko itzultzaileen eta bertokoen arteko zubiak eregiteko asmoz, Itzultzaile Barriak egitasmoa ipini eben martxan Donostia 2016 Europako Kultur Uriburuaren inguruan. Proiektu hori aurrera doa, Etxepare Euskal Institutuaren ekimenez. Laster baten helduko dan edizinoan, Quebecera begiratuko dabe, frantsesez behar egiten daben itzultzaileak gogoan.

Frantsesera lan literarioak itzultzen dituen Quebeceko profesional bi (beste eskualde frantses hiztun batzuetakoak be izan leitekez) Euskal Herrira etorriko dira, euskerazko literaturea ezagutu eta hizkuntzea ikasten, ondoren euskerazko liburu nabarmenak frantsesera itzuli deiezen, tarteko hizkuntza barik.

Aukeratutako itzultzaileetako batek euskerea lehendik be ezagutu beharko dau, modu oinarrizko baten. Itzultzaile Barriak programearen bidez, euskerea hobetu eta euskeratik frantsera zuzenean itzultzen ikasiko dau. Beste itzultzailea, ostera, garagarrilean etorriko da Euskal Herrira, eta mentore batek lagunduko deutso. Etxeparek eta EIZIEk izentauko dabe mentore hori.

Deialdi honen helburua ez da euskerearen inguruko ezagutza hutsa zabaltzea, produkzinoa bultzatzea be bada. Hartara, amaieran, 30.000 karaktere inguruko lagin bi itzuliko ditue, euskal literaturea herrialde frantses hiztunetan ezagutarazoteko balioko dabenak. 2020ko abuzturako prest egongo dira itzulpenok.

Parte hartzeko interesa daben itzultzaileek zabalik dabe izena emoteko epea, martiaren 5era arte. Egitasmoa Etxepareren eta Quebeceko erakundeen arteko lankidetzearen parte da, #QCPaysBasque 2020-2021 izenekoa, hain zuzen. Helburuen artean dagoz Euskal Herriko eta Quebeceko kultur eragileen arteko lankidetzea sustatzea, artista, sortzaile eta industrien hartu-emonak estutzea, sorkuntza eta hedapena bultzatzea, esperientziak eta ezagutzea konpartidutea, eta, azken batean, kultur alkarrizketearen bidez loturak sendotzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu