Guadi Galego artista galiziarra saritu dabe Madrilen

Bizkaie! 2020-02-20 13:53   Kulturea

Etorkizunerantz doazen hizkuntzak jaso eta transmitiduten ditugun ondasunak dira.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Nafarroak, Kataluniak, Galiziak, Valentziak eta Balear Ugarteek Immersion disko eleanitzagaitik artisteari saria emon dabe gaur. Espainiako hizkuntza-aniztasunaren alde eta sustapenean persona, erakunde edo enpresek egindako lana autortzen dabe sei gobernuek sariaren bidez; gobernu horreek Hizkuntza politikearen arloko lankidetza Protokoloan parte hartzen dabe.

Guadi Galego artista galiziarrak Espainiako Errealidade Eleanitza Sustatzeko Saria jaso dau gaur goizean, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan. Euskadi, Nafarroa, Katalunia, Galizia, Valentzia eta Balear Ugarteetako gobernu autonomikoek erabagi eben saria berari emotea joan dan zemendian Bilbon egindako bileran. Saria emoteko arrazoi nagusia Immersion izeneko bere azken diskoa izan da, lan horretan Peninsulako zazpi hizkuntzatan egindako abestiak batu ditu-eta (galiziera, euskerea, katalana, aranerea, asturierea, portugesa eta gaztelania), hizkuntza-komunidade ezbardinetako sortzaileakaz batera.

EiTBko Ilaski Serrano aurkezleak gidatu dau gaurko ekitaldia eta sei gobernuetako hizkuntza politikarako arduradunak izan dira bertan: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Mikel Arregi, Euskarabidea/Nafarroako Gobernuko Euskerearen Nafarroako Institutuko zuzendaria; Ester Franquesa, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia; Valentín García, Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia; Rubén Trenzano, Hizkuntza Politikarako eta Kudeaketarako zuzendari nagusia; eta Agustina Vilaret zein Beatriu Defior, Balear Ugarteetako Unibersidade, Ikerketa eta Hizkuntza Politikako idazkari autonomikoa eta Gobernuko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, hurranez hurran.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Guadi Galegok eleaniztasuna bultzatzeko egindako ekarpena nabarmendu dau: Artista galiziarrak erakutsi dau hizkuntza guztiek balio dabela sortzeko, gozetako eta hunkitzeko. Euskerearen kasuan, esate baterako, egunotan ikusi dogu Izaro abeslariak lortu dauela Estadu mailako salmenten bigarren postuan euskerazko abestiak be jasoten dituan disko bat kokatzea. Espero dogu gure artistek bide horri ekitea. Era berean, Dobaranek azpimarratu dau hizkuntza propioa daben gobernuek politika eraginkor baten alde egin dabela, akordioaren gainean eregia eta herritarren hizkuntza eskubideak erdigunean jarriko dituana.

Miren Dobaran


Bestalde, sari hau jasoterakoan, artisteak ondokoa gogorarazo gura izan dau: etorkizunerantz doazen hizkuntzak jaso eta transmitiduten ditugun ondasunak dira eta datozen belaunaldiei ez deutsegu ukatu behar, eta eskerrak emon deutsee disko hau osotzen daben hizkuntzak niregana bizirik heltzea ahalbidetu daben persona guztiei: Gure hizkuntzetarako mila udabarri gehiago izan deiezala esan dau.

Monique Bastiaans artistearen eskultura bat jaso dau abeslariak, Lengoaien Zuhaitzari (L 'Arbre de les Llengües) erreferentzia egiten deutson lore sorta bat irudikatzen dauena, lore bakotxa ezbardina dan arren, multzoak batasun bat osotzen dau.


Immersion Callao City Lights-en, Ama Hizkuntzaren Eguna dala-eta


Espainiako Estaduaren Errealidade Eleanitza Sustatzeko Saria sustatu daben sei gobernuek, goizeko ekitaldiaz gan, bigarren hitzordu bat be antolatu nahi izan dabe Madrilen, Ama-hizkuntzearen Nazinoarteko Egunaren bezperan. Lehenengoz, egun hori batera ospatu nahi izan dabe eta artista galiziarrak kontzertu bat emongo dau arratsaldean, Callao City Lights/Cines Callao aretoan. Emonaldia 20:00retan izango da; sartzea doban da baina aldez aurretik hartu behar dira gonbidapenak eventbrite.es web atarian. Guadi Galegogaz kolaboratzaile ugari izango dira, besteak beste, Mikel Urdangarin euskalduna, Alidé Sans arandarra, Clara Peya katalana eta Vega kordobarra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu