Ekhiñe Zapiain nafarrak irabazi dau XIX. Abra Saria
2020-02-20 12:03 BertsolaritzeaSei bertsolari gazte lehiatu dira Algortako Kasinoan.
Giro alai eta beroan kantau eben XIX. Abra Sariko finalistek, Algortako Kasinoan jokatutako saioa mahaiaren bueltan eta otordu eder baten ostean izan zalako. 65 bertsozale batu ziran bertsoak entzuten. ALBEren arabera, koloretsua eta erritmo bizikoa izan zan sei bertsolarien arteko lehia, eta Beratik etorritako Ekhiñe Zapiainek jantzi eban irabazlearen txapela.
Zeregin ugari izan zituen bertsolari gazteek: Lehenik, zortziko handian binaka kantau eben, ondoren zortziko txikian, eta gero, puntu-erantzunetan. Amaitzeko, binaka hamarreko txikian. Ekhiñe Zapiain eta Irati Alcantarilla pasau ziran buruz burukora, ordura arte puntu gehien eurek batu zituelako.
Buruz burukoan, sei puntuko motzean binaka kantau eta gero, kartzelan ariketa bi egin behar izan zituen: Batetik, sensazino bat sentiduarazo behar izan eutsien entzuleei; bestetik, gai baten inguruan hiru bertso kantau zituen. Epaileen puntuak batuta, Ekhiñe Zapiain geratu zan lehenengo (205+130 puntu), eta Irati Alcantarilla bigarren (203+122).
Beste finalistak honeek izan ziran: Aritz Landeta (185,5 puntu), Lierni Rekondo eta Martin Abarrategi (biek 173na puntu) eta Maddalen Ruesgas (171). Epaileak Martin Aramendi, Nerea Bruño eta Joseba Santxo izan ziran eta idazkaria, Arkaitz Gomez.
Horrezaz gan, Paule Loizagaren lana be aitatu behar da. ALBEko bertsolari gaztea, oraingo honetan, gai jartzaile ibili zan. Joanes Atxa eta Zuriñe Gonzalez musikariek giroa alaitzeko zeregina ondo baino hobeto bete eben. Sariak banatzen, Trino Azkoitia ibili zan.
Argazkiak: Lizar Begoña/ALBE
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!