documenta 15eko zuzendari artistikoak gurean dira
2020-02-19 13:17 Kulturea2019an jarri eban martxan Etxepare Euskal Institutuak Zabal egitasmoa.
2022. urtean Kassel urian (Alemania) egingo dan documenta 15 nazinoarteko arte erakusketea zuzenduko dauen kolektiboa, ruangrupa, Euskal Herrian da egunotan. Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek harrerea egin deutse gaur Tabakaleran.
Kolektiboko hiru kide etorri dira Euskal Herrira: Ade Darmawan zuzendaria, Indra Ameng programa koordinatzailea eta Ayşe Güleç aktibista eta ikertzailea. Astebetez, bertoko proiektu, eragile, eredu eta praktika artistikoak ezagutuko ditue, euren lan-arlo eta kontzeptuak aktibetako kapazidadea dabenak. Testuinguru lokaletan landutakoak izanagaitik, eragin globala izan leikien egitasmoetan dabe interesa; jasangarritsauna, aktibismoa, hezkuntza alternatiboa eta ezagutza indigenea lako gaiakaz loturea dabenetan. Euskal testuinguruko 15etik gora eragilegaz egoteko aukerea izango dabe pasa dan zapatuan Donostiara heldu ziranetik.
2019. urtean jarri eban martxan Etxepare Euskal Institutuak Zabal egitasmoa, euskal artistei aukera barriak eskaini eta nazinoarteko testuinguruagaz loturak sortu eta sendotzeko helburuagaz. Horretarako, nazinoarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariak ekarriko ditu urtean zehar, lotura zuzenaren bitartez euskal artistakaz alkarlana sustatzeko. Proiektua aurrera eroateko, tokiko eta nazinoarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten dauen Artingeniumen, Lourdes Fernándezek sortutako arte bulegoa, laguntzinoa dau Institutuak.
Programa honen lehenengo fasea 2019ko zemenditik 2020ko bagilera arte egingo da. Fase honetan, danetara, nazinoarteko zazpi arte komisario gonbidauko ditu Zabal egitasmoak. Igazko zemendian, programea martxan jarri eta berehala, etorri zan lehen gonbidatua: Ruth Estévez São Pauloko bienaleko komisarioa, hain zuzen. Ruangrupa kolektiboko kideak izan dira bigarrenak Euskal Herrira bisitea egiten.
documenta eta ruangrupari buruz
documenta nazinoarteko erakusketea bost urtean behin egiten da Alemaniako Kassel urian. 1955. urtean sortu eban Arnold Bode artista, irakasle eta kuradoreak, II. Mundu Gerreak itxitako zauriak eta nazismoak ekarritako kultur aro iluna atzean itxi eta Alemania nazinoarteko arte modernoaren abangoardian lerrokatzeko asmoz. documentaren azken urteotako edizinoetan nazinoarteko artista entzutetsuek aurkeztu ditue euren lan barrienak, mundu mailan sona handia hartuz. Edizino bakotxak 100 eguneko iraupena dau eta, horregaitik, 100 eguneko museoa izenez be ezaguna da.
2022an egingo dan documenta 15 erakusketea zuzentzeko, hamar kidez osotutako Jakartako ruangrupa kolektiboa izan da aukeratua. 2000. urtean osotutako talde honek artea testuinguru uritar eta kultural baten barruan kokatzea dau helburu eta, horretarako, gizarte zientziak, politikea edota teknologiagaz nahasten dabe artea euren proiektuetan; Indonesiako gatazka garaikideen inguruan gogoeta kritikoa egiteko asmoz beti be. Hogei urteotan, nazinoarteko hainbat egitasmotan hartu dau parte ruangrupa kolektiboak, besteak beste, Gwangjuko, Istanbulgo, Singapurreko edota São Pauloko bienaletan, Parisko Pompidou zentroan edota Sonsbeek arte erakusketan (Arnhem, Herbehereak).
2022ko documenta 15 nazinoarteko erakusketarako lankidetzearen idea hartu dabe ardatz eta Lumbung kontzeptua jorratu dabe. Lumbung arroza modu kolektiboan batu eta gordeteko sistemea da, Indonesiako komunidadeetan sarri erabilia dana, etorkizunean arroz ale horreek komunidadearen baliabide legez eukiteko. Euren berbetan, orientazino globala eta kooperatiboa dauen diziplina anitzeko arte eta kultura plataforma bat sortu nahi dogu, documenta 15ek iraungo dituan 100 egunetatik harago eragina izango dauena. Lehenengo dokumenta 1955an, II. Mundu Gerratik oraindino bizirik egozan zauriak osatzeko helburuz sortu zan lez, documenta 15ek gaur egungo zaurietan, kolonialismoan, kapitalismoan edota egitura patriarkaletan sustraiak dituen horreetan jarriko dau arreta. Prozesuan kuradore, teknologo, ekonomista eta munduko hainbat txokotako egitasmo eta kolektiboakaz egingo dabe lan. Espero dabena da kolaboratzaile horreek euren ikuspuntuak lehenengo norberaren testuinguruetan txertatzea eta gero Kasselen erakustea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!