'Ikasleek ez dabe euskerea erabilten komunikazinorako'

Bizkaie! 2020-02-17 13:23   Euskerea berbagai

Etnografia egin neban eurekaz, hau da, azterketa sakona.

Eider Saragueta Garrido. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko herri baten, D ereduan, ikasgela baten jarraipena egin dau urte bitan UPV/EHUko DREAM ikerketa-taldeko kide batek. Tarte horretan, aukerea izan dau ikasleen portaera linguistikoak sakon aztertzeko, eta emoitzea gela barruko etnografia izan da, momentu eta talde jakin batean egindako argazkia baina datu oso interesgarriak emon ditu eleaniztasunak eskainitako aukerei buruz eta eleaniztasun horretan euskereak hartu beharreko posizinoari buruz.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan egon ziran bitartean egin eutsen UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultadeko Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoak Saileko DREAM taldeko Eider Saragueta ikertzaileak jarraipena Bizkaiko herri baten, D ereduan, ikasgela bateko ikasleei. Etnografia bat egin neban eurekaz, hau da, azterketa sakon bat, eta euren hizkuntza-erabileren jarraipena egiteaz gan, alkarrizketak eta hizkuntzen arteko loturak sendotzeko zenbait esku-hartze egin nituan adierazo dau. Ikertzaileak nabarmendu dauenez, inguruan, kaleko hiztunen artean, baina baita erakundeetan be, ardurea igarri dot euskerearen erabilerearen inguruan: nahiz eta gero eta jente gehiagok jakin euskeraz, erabilereak ez dau neurri berean gora egin. Hori dala eta, helburua izan da erretratu bat egin eta ikasleen arteko hizkuntza-praktikak ezagutu, euskerea zelan erabilten daben bertatik bertara jakiteko.

Saraguetak ez eban, ostera, euskerearen erabilerara mugatu ikerketea, ikasleen identidadea be aztertu eban, arreta berezia jarriz baekiezan hizkuntzek euren nortasunean eben eraginean. Gelako jarduera batzuk planifikau zituen eta horreetan translanguaging edo hizkuntzen arteko saltoak egiten zituen; ariketa horreetan, informazinoa hizkuntza batean jaso eta beste batean emon behar eben ikasleek, argitu dau.

 

Desorekea hizkuntza-erabilerearen eta kontzientziaren artean

Ikerketa oso sakona eta zabala izan zan eta askotariko emoitzak eragin zituan, baina Saraguetarentzat deigarriena izan zan desoreka handia topau ebala euskerearen erabilerearen eta kontzientziaren artean, hau da, ikasleek jakin baekien euskerea hizkuntza gitxitu bat dala, batzuek argi eben galzorian dagoala baina, halan da be, ez eben euskeraz egiten.

Identidadeari jagokonez, aniztasuna topau eban ikertzaileak: Ikasle batzuek bai, identidade zurruna eben eta euskaldun legez identifiketan ziran. Beste batzuk, barriz, identidade malguagoakaz lotzen eben euren burua, identidade zabalagoa erakusten eben; aitatzen eben euskaldunak bazirala, baina baita Extremadurakoak be neurri batean, han familia ebelako. 10-12 urteko neska-mutilak beren identidadea modu horretan moldatzeko kapaz izatea, hau da, malgutasuna izatea aurrean daben egoereari eta momentuari egokitzeko, eta horren kontzientzia izatea gauza ona dala uste dot, adierazo dau.

Bestalde, ikerketan translanguaging-jarduerak lantzeak eta ikasleen eleaniztasunari etekina atarateak lagundu dau balioa emoten ikasleek dakiezan hizkuntzak erabilteari, esan dau Saraguetak, eta adibide bat emon dau hori azaltzeko: Adibidez, ingelesa ikasteko, bideo bat ingelesez ikusten badabe, leitekeana da ez ulertzea, galtzea eta aspertzea. Baina bideo hori bera euskeraz jarri ezkero, eta gero horri buruzko galdera batzuk ingelesez erantzun, beharrezko hiztegi-baliabideak bilatuko ditue eta holan lortuko dabe ingelesa ikastea, hau da, hizkuntza batzuk atxaki legez erabili leikiez beste hizkuntza batzuk ikasteko.

Hizkuntza-kontzientzia jorratzeko be baliogarria izan da translanguaging-a: Landutako ariketen artean biografia linguistikoari buruzko bat egoan: ikasleek kontetan eben zer hizkuntza berba egiten zituen eskolan, kalean eta etxean. Bada, gelan hizkuntza horreek presente dagozan momentuan, ikasleen kontzientzia linguistikoa sendotu egiten da, eta begitantzen jat horrek alkarbizitzarako bidea edegi leikela, nahiz eta ez dodan horretan sakontzeko aukerarik izan nire ikerketan, iruzkindu dau adituak.

Horrenbestez, ikertzaileak uste dau oso baliogarria eta interesgarria dala eleaniztasuna bultzatzea eta erabiltea hezkuntzan, baina argi izanda euskereak izan behar dauela ardatza eta erdigunea, eta espazioak sortu behar dirala euskerea babesteko.

 

Translanguaging hezkuntza eleanitzean. Ikerketa etnografiko bat

Aitatu izenburukoa da Eider Saragueta Garridok (Ibarra, 1989) egin dauen doktoretza-tesia. Gizarte eta Kultur Antropologia gradua eta Eleaniztasuna eta Hezkuntzea nazinoarteko masterra egin zituan Saraguetak UPV/EHUn, eta gaur egun ikertzaile dabil UPV/EHUko Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultadeko Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoak Saileko DREAM taldean. Bertako katedradun Jasone Cenoz Iragui izan dau zuzendari egindako lanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu