Euskerearen Etxeak instalazino eta programazino barriak ditu

Bizkaie! 2020-02-17 13:09   Euskerea berbagai

15 urteren ostean, aldaketarako momentua dala pentsau dabe bertako arduradunek.

Xabier Arauzo eta Iurdana Acasuso, aurkezpenean (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Barrikuntza ugari dakarz Bilbon kokatutako Euskerearen Etxeak, agerraldi baten iragarri dabenez. Iurdana Acasuso Azkue Fundazinoko zuzendariak eta Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera Saileko zuzendariak emon ditue azalpenak. Instalazino, tailer eta programak estreinau ez eze, ordutegi eta webgune barriak izango ditue aurrerantzean.

Nobedade guztiakaz batera, irudi edo ikur barria diseinau dau Studio Gaston etxeak Euskerearen Etxerako. Irudi argi, garbi eta indartsua da, nortasun dinamikoaren erakusgarri, diseinatzaileen arabera.

Kontuak kontu, Euskerearen Etxeak Bilbon daukan egoitzako aretoak erabili eta erakusketak bisitau ahal izateko ordutegia zabalduko dabe: Astelehenetik barikura 08:00etatik 20:00etara; eta zapatuetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Beheko solairuan egin diran lan barriak be estreinau ditu Euskerearen Etxeak, besteak beste, komuna eta soinu ekipamendu barria jarri ditue. Euskerearen Interpretazino Zentroaren Eskola Programearen tailerra eta Hi(zki)bridoak izeneko kultur programea be barriak dira. Eragileentzat eta euskal gizartearentzat erreferente izatea da Euskerearen Etxearen helburua, eta hobekuntza horreek beharrezkoak dira zeregin hori beteten segitzeko.

Hi(zki)bridoak izeneko ziklo barriari jagokonez, Azkue Fundazinoak azaldu dau zezeila eta maiatza bitartean egingo dabela literaturea eta ahozkotasuna ardatz dituen zuzeneko jardueren programa hori. Anarik, Itxaro Bordak, Ibon RG-k eta Txakur Gorria Kolektiboak hartuko dabe parte, besteak beste. Ekimenean hainbat eragilek lagunduko dabe, berbarako, Booktegik, Lankuk eta Loraldiak.

Bilboko San Inazio auzoan dago Euskerearen Etxea, 2004an Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzearen ekimenez sortu zanetik. Gaur egun Azkue Fundazinoak kudeatzen dau. 15 urteren ondoren, barritze prozesuan dago, eta aurkeztutako nobedadeakaz prozesuaren lehen fasea amaitu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu