Lehenengo fasea amaituta, sei talde pasau dira finalaurrekoetara

Bizkaie! 2020-02-17 09:05   Bertsolaritzea

Barikuan, etxeko taldeek irabazi eben Lesaka, Leitza eta Otsagabiko saioetan.

Arranopola eta Bertsopiztiak taldeak, Lesakan (argazkia: Nafarroako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Martxa onean doa 2020ko Bardoak txapelketea Nafarroan, dagoeneko lehenengo fasea amaitu dabe. Hamahiru saio jokatu dira, moltsoka banatuta, eta sailkapenak argituta, badakigu ze talde egongo diran hurrengo fasean, hau da, finalaurrekoetan: Malerrekako Bertsonautak (A moltsoko irabazlea), Lesakako Arranopola (B moltsoko lehena), Leitzako Atekaberts komeni (C moltsoa), Berako Lamixene (D moltsoa), Barañaingo Hego Haizea (A,B eta C moltsoetako bigarren sailkatuetan onena) eta Sakanako Sakaña (D moltsoko bigarrena).

Sei saio izango ditu finalaurreko faseak, zezeilaren 29tik martiaren 14ra. Joan-etorriko formatuan jokatu deien, taldeak binaka ipini ditue: Atekaberts Komeni-Sakaña, Arranopola-Bertsonautak eta Lamixene-Hego Haizea. Bikote bakotxeko onenak pasauko dira finalera.

Sei saioak honeetan herriotan jokatuko dira: Tutera, Aniz, Atarrabia, Tafalla, Goizueta eta Jauntsaratsen. Lehenengo aldiz, beraz, finalaurrekoak ez dira jokatuko parte-hartzaileen herrietan, Nafarroako beste leku batzuetan baino. Era horretara, Nafarroako Bertsozale Alkarteak herrialde osora zabaldu nahi dau Bardoak ekimena.

Leitza, Lesaka eta Otsagabia

Pasa dan barikuan, hilaren 14an, jokatu ziran lehenengo faseko azkenengo hiru saioak. Lesakan, herriko Arranopola eta Barañaingo Bertsopiztiak taldeak izan ziran aurrez aurre, Arrano Alkartean, eta giro onean. Bigarren puntua eskuratuta, hurrengo faserako sailkapena ziurtatu eban etxeko taldeak.

Leitzako Atekabeltz Gaztetxeko saioan be, antzera pasau zan. Etxeko Atekaberts komeni eta Barañaingo Hego Haizea lehiatu ziran, eta leitzarrek irabazi eta bigarren puntua lortu eben. Hego Haizea taldekoak, dana dala, ez ziran esku hutsik joan, aurrera egitea lortu ebelako, A,B eta C moltsoetako bigarren sailkatu onena lez.

Azkenik, Otsagabiko Gartxot alkartean, Amortziaren eliobak izan zan irabazlea, baina hurrengo fasetik kanpo geratu zan, gitxi-gitxigaitik. Sakaña liderrari irabazi eutsien, baina talde biak bardinduta geratu ziran sailkapenean, eta, txapelketearen arauak aplikatua, sakanarrek egin eben aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu