Lesakan, Leitzan eta Otsagabian jokatuko dira lehen faseko azken saioak

Bizkaie! 2020-02-14 12:46   Bertsolaritzea

Astegoienean zehaztuko da finalaurrekoetan izango diran sei taldeen zerrendea.

Gaur iluntzean, 14an, izango dira hiru saioak, lehenengo faseko azkenak. Horreekaz, erabat zehaztuko da finalaurrekoetan izango diran sei taldeen zerrendea.

Amaitzear da 2020ko Bardoak Txapelketako lehenengo fasea. Hain zuzen be, gaur jokatuko dira azken hiru saioak, Lesakan, Leitzan eta Otsagabian. Horreekaz, hamahiru saioko fasea amaituko da eta zehaztuta geldituko dira finalaurrekoak. Hasieratik parte hartzen dabizen hamahiru taldetatik seik egingo dabe aurrera.

Lesakan izango da gaurko lehen saioa. Arrano Alkartean jokatuko da, 19:00etatik aurrera, eta bertan izango dira herriko Arranopola eta Barañaingo Bertsopiztiak taldeak, B multzoari jagokon saioan. 5 euroko sarrerea izango dau ekitaldiak, eta mokaua eskainiko da amaieran.

Leitzan 19:30ean hasiko da saioa Atekabeltz Gaztetxean. Etxeko Atekaberts komeni eta Barañaingo Hego haizea taldea izango dira parez pare, C multzoko saioan. Sarrera librea izango dau ekitaldiak, baina izango da borondatea ixteko aukerea eta jatekoa eskainiko da saioa amaitutakoan.

Otsagabiako D multzoko saioak zarratuko dau lehenengo fasea. Gartxot Alkartean izango da, 20:00etan hasita, 5 euroren truke. Erroak herri horretan dituan Amortziaren eliobak taldea eta Sakaña talde bisitaria izango dira kantuan, finalaurrekoan leku bat eskuratu guran.


Finalaurrekoak

Tuteran eta Anizen (zezeilaren 29an), Atarrabian (martiaren 6an), Tafallan (martiaren 7an), Goizuetan eta Jaunsaratsen (martiaren 14an) izango dira finalaurrekoak. Hiru kanporaketa dira guztira, joan-itzuli formatuan (eta beraz, sei saio). Lehen fasetik sailkatutako sei talde izango dira horreetan kantari.

Berako Lamixene eta Malerrekako Bertsonautak taldeek ziurtatua dabe honezkero finalaurrekoetarako txartela, eta gaur argituko dira zein beste lau talde pasauko diran hurrengo fasera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu