Zigor Aldama: 'Lan kontuek lagun bihurtu gaitue'
2020-02-24 07:55 BarriketanBarriemoilea.
Kazetari bilbotarrak 40 urte beteko ditu aurten eta horreetatik gehienak Asian emon ditu. Txinara 1999. urtean joan zan lehenengoz eta 2005tik, barriz, Shanghain bizi da. Atzera eta aurrera dabil munduko prentsa idatzirako, baita Bizkaie! atarirako be (Kolaboratzaile bakarra hasieratik) eta oraintsuko
Koronabirusaren harian, telebistan be badabil albistegietarako eta programa zehatzetan zuzenean kronikak egiten.
Irabazitako sarien artean, besteak beste, 2020ko Colombine Nazinoarteko Saria nabarmenduko dogu.
Liburugintzan, Asia, burdel del mundo (Elea) liburua argitaratu eban 2009an eta aurten, zezeilaren 25ean Adios a Mongolia El ultimo viaje de los nomadas plazaratuko dau (Peninsula Odiseas).
Irabazitako sari eta autortza askoren artean, besteak beste, aurten Colombine Nazinoarteko Saria, hainbat urtean finalista izan ostean.
1.- EHUn kazetaritza ikasketak amaitu eta zelan begitandu jatzun Txinara joatea? Zer topau zenduan han?
Txina kazetari jarduereari ekin aurretik agertu zan nire bizimoduan. Umetan eta gaztetan ez eustan larregi interesetan Txinak baina 18 urtegaz Belfastera joan nintzan erretratugintza eta ingelesa jorratzeko amesagaz eta han negoala txinatar bat ezagutu eta akabo. Injinerutza industriala ikasten nenbilean sasoi
haretan eta ez jatan bape gustetan. Beraz, nire bizimoduan eragin handia izan eben erabagi bi hartu nituan: kazetaritzea ikasten hasi eta ezkondu ostean, Txinara joan nintzan. Momentu berezia, sano erabagigarria izan zan ze aurretik neukan ideagaz bape zerikusirik ez eban herrialdea deskubridu neban; orduantxe
otu jatan munduan indar handia izango eban herrialdetik bertatik hango barri emotea, Espainian interes handirik ez egoan arren. Gauzak holan dirala, ikasketakaz jarraitu, Txinan egonaldi luzeak eta Deia egunkarirako nire lehenengo kolaborazinoak egiteari ekin neutson.
2.- Freelance zabiz urteotan eta egoera horretan asko idatzi behar da bizimodua aurrera eroateko baina lehenengo kolaborazino hareek sano maite ala gorrotatu egiten dozuz?
Normala dan legez, urteen porasuz ikasten joan naz eta orain kazetaritza lan onak edo egiteaz gan, eragingarriagoak be izaten dira. Atzera begitutea ez jat gustetan baina batzuetan orain 20 bat urte argitaratutako egunkariak aztertu eta jaubetzen naz egun ez nituala bardin idatziko baina badakit ibilbide
profesionaleko parte dirala eta maite dodaz lanok.
Freelance bizimoduari jagokonez, oso lanbide gogorra dala edozeinek daki: ez dago hasi eta amaitzeko ordurik, ezta oporrik be; hori gitxi ez eta tarifak oso eskasak dira batez be Espainian. Baina esklabutzatik hur dagoan jarduerea da: goizeko 10:00ak buelta hasten naz beharrean eta goizaldeko 01:00ean edo hortik
gora amaitzea normala izaten da. Hori bai, salbuespenak salbuespen, askatasun handia izaten dozu lanak aukeratzeko, norberak erabagiten dau gaia eta nora joan eta zenbat denpora erabili.
Zorionekoa naz ze hemen eta munduan hainbat komunikabidetan lan egiteko aukerea izan dot eta polito nabil. Atzerriko prentsari esker, oso betegarriak diran erreportajeak idazten ditut.
3.- Roge Blascoren bitartekaritzea tarteko, Bizkaie! jaio eta berehala Luang Prabang testua idatzi zenduan, 2002ko apirilaren 8an. Zelan gogoratzen dozuz orain 18 urteko sasoi hareek?
Oso azkar joan da dana. 2002. urtean esan bazeunstan 2020an Bizkaie! atarian jarraituko nebala, ez neutsun sinistuko. Baina hemen gagoz. Pozik. Eta nire ibilbide profesionalaren hasieran, eskerrak emon behar deutsudaz zeuri eta nigan konfidantza osoa jarri zenduen guztiei ze horrek aparteko indarra emon deust aurrera egiteko. Bardin nabarmendu neike Berria be nire alde egin ebelako sutsu. Zuokaz danakaz oso gustora nabil, maite zaituet errentagarria izan ez arren.
Jakina, enpresa eta erakundeek sentimendurik izan ez arren, personak dira beti ardatz eta lanbide honek jente bikaina, lagun onak ekarri deustaz.
4.- Bidaia kronikak idazten zenduzan lehenengo eta aurrerago jo zenduan espezializazinora. MedAsia erakundeak Txina eta Asiako gaietan aditu izentau zintuan. Autortza horreek bidea zabaldu izan deutsue?
Espezializazinora jo dauen kazetaria nazela dinozu baina ez da erraza halakotzat hartzea neure burua baina egia da arlo guztietan idazten dodala, baita kiroletan be. Horoskopoa ez baina gainerako ataletan idazten dot. Espezializazino geografikoak dakar danetarik idaztea, Asiagaz lotutako edozer. Kontuan hartuta kontinentean munduko herritarren herena bizi dala, arloa benetan zabala da. Nire beharrean sano maite dot buztarketea, hau da, Mongolian yurta baten bizi izan naz eta influencers-ak nagusi diran moda desfilearen jarraipena be egin izan dot, ekomomialari bat, aktore bat edo gerrako biktima bat alkarrizketatzea. Txinara heldu nintzanean kazetari gitxi topau neban eta suberte handia izan zan hori. Urteak aurrera egin ahala, interesa gero eta handiagoa dala begi-bistakoa da eta aukera profesionaletan be alde handia dago urte batzuetatik hona.
Bestetik, MedAsia erakundeak Txina eta Asiako gaietan aditu izentetea be autortza ederra izan zan, oso pozgarria eta baliogarria.
5. Hogei urteotan pilo bat anekdota eder pilatuko zenduzan, baita egoera txarrak eta hil ala bizikoak be. Zeintzuk nabarmenduko zeunkez?
Buruan jiraka gauza asko jabiltaz, urte asko dira eta gauzak, jazoerak kokatzea ez da erraza. Edozelan be, koaderno asko daukadaz ahaztu behar ez diran gauzak idazteko eta gainbegiratua emonda, hor agiri dira 2004ko tsunamia, 2008ko Sicguango lurrikarea, 2013 eta 2019ko rohingya etniaren krisiak, Nepal eta
Sri Lankako gerra zibilak, Hong Kongeko protestak... Zerrenda amaierabakoa. Baina autortu behar deutsut arrisku bako eta gozetako makinatxu bat erreportaje idatzi dodazala, berbarako, Mongolian. Txinan eta Asiako Hego Ekialdean be esperientzia ederrak bizi izan dodaz.
Indian, ostera, txarto pasetan dot, ez naz ohitzen.
Ganerakoan, 2010. urtean oraintsu Oscar saria irabazitako Bong Joon-ho zinema zuzendari korearra alkarrizketatu neban eta sasoi haretan gitxik ezagutu arren, ia nork ez dauen egunotan ikusi Parasite filma; komunikabideei ez jaken interesau eta argitaratzaile batek esan eustan ia nor zan txinatar hori... Zorionez,
urtebete aurrerago El Correok argitaratu eban zeozertxu.
Kontuak kontu, ehunka alkarrizketa eta milaka artikulu idatzi ditut eta pentsaizu hor tartean ze saltsa egongo dan...
6.- Barriemoile lanetan be bazabiz Vocentorentzat zein munduko beste hedabide batzuentzat...
Bai, apurka-apurka joan naz jarduerea zabaltzen eta gero eta erantzukin handiagoak hartzen. Gaur egun nazinoarteko prentsan, Hong Kongeko South China Morning Post-en zein Asian Geographic aldizkarian argitaratzen ditut lanik aberaagarrienak, izan be, gaiak zabal eta sakon jorratzeko aukerea emoten deustie,
titularrei begira gagozan sasoian. Nire errepòrtajeak gustetan jataz, gaiak zabal lantzea, hain zuzen be.
7.- Pentsau baino azkarrago urteak badoaz aurrera eta bizimodua eta beharra-lana be aldatzekotan ei zabiz. Zein da zure asmoa?
Freelance ibiltea nekagarria da eta ia ezinezkoa da bizimodu soziala. Ziurbakotasun giroa bizi dozu, gaur hemen zagoz baina bihar nork jakin non... Ez dago jakiterik ze diru jasoko dozun hilaren amaieran eta epe luzera planak egitea gatxa da. Txinagaz gogaituta be banago, gizabanakoon askatasunak atzera doaz eta
uste dot nire bizimoduak aldaketea behar dauela. Etxera, Euskadira bueltan joango naz laster eta kazetaritzan jarraitzeko amesa daukat eta, ahal dala, lanbide honetan gustetan ez jatazan gauza batzuetan ekarpenak egiteko asmoa.
8.- Adios a Mongolia El ultimo viaje de los nomadas plazaratuko dozu (Peninsula Odiseas) zezeilaren 25ean. Sei bider egon zara paraje eder horretan baina ze ekarpen egin deutsu Mongoliak?
Bai, sei bider egon naz paraje hotz eta isolatu horretan. Hangoa lako bakerik ez dot inon sentidu. Mongolia da nire herrialde faboritoa, mundua alboratu eta paraje zoragarrian sartzen zara, konexino barik eskuko telefono eta holako tramankuluak erabilteko. Sano ezbardina da baina zoragarria. Jentea eskuzabala da,
sekula ez deustie ezer eskatu han pasau ditudan egun eta asteetan. Nomaden bizi-baldintzak negargarriak dira, oherik, komunik eta dutxarik ez dago baina hango egonaldietan gozau egin dot. Naturea be apartekoa da, ikusgarria, orduak egin neikez ezer pasetan ez dan inguruneari begira. Horregaitik guztiagaitik,
Ediciones Penínsulak liburu bat idazteko proposamena egin eustanean, baietz esan neban. Edozelan be, Txina ez, liburuan Mongolia gure neban ardatz izatea eta ez eusten ezelako arazorik jarri. Mongolia eten bako aldaketa prozesuan dago eta zoritxarrez ez jako kasurik egiten. Egoera horri konponbidea emon beharko geunskio.
9.- Zelako liburua da, bidaia kronikea, saiakerea...?
Estilo bien buztarketea dago. Bizimodu nomadearen barri emoteko idatzitako lehenengo atala, bidaia liburu baten antzekoa da. Anekdotak, hartu gintuan familiaren gorabeherak eta bizimoduari aurre egiteko ze zailtasun dituen azaltzen dot. Bigarren eta hirugarren ataletan, barriz, kazetaritza-saiakerea dago gehiago, nire bizipenak ahaztu barik. Erreportaje luzerik ez neban gura baina lautan neugaz Mongolian ibilitako Miguel Candela Alakanteko erretratugileagaz zein birritan Mongolian egondako nire emazte Hu Yuan-egaz bizitakoak be txertatu dodaz. Helburua da Mongolian jazoten dan guztia ulertzea irakurleak, beti be kazetaritzako erispideak zorrotz eta zehatz nabarmenduz. Era guztietako datuak be sartu ditut baina personak dira gehien interesetan jatazanak.
Liburua zezeilaren 25ean egongo da salgai liburudendetan. Adios a Mongolia El ultimo viaje de los nomadas liburuaren ganean gehiago jakiteko begitu hemen.
10.- Hong Kongeko istiluak zuzenean jarraitu dozuz eta Koronabirusa be nahikoa burukomin izan da...
Deskantsua hartzeko momentua dalakoan, gauzak korapilatu eta hankaz gora ibiltea subertetan jatzu. Hong Kongeko protestak eta coronavirusaren saltsea holan etorri jatazan; luzaro egon behar dozu lekuotan, beti prest lanerako eta gatxa da beharra eta barri faltsuak buztartu eta erabagi zuzenak hartzea. Alde
horretatik, azken urtebetea oso gogorra izan da eta danetara, astebeteko oporraldia baino ez dot izan, baita astegoienak gogoan hartuta be.
11.- Azken buruan, ze gogoeta eragiten deutsu zeu izatea kolaboratzaile bakarra Bizkaie! atariaren sorreratik beharrean dabilena?
Lehen esan deutsudan legez, ez neban pentsauko gure arteko loturea hain indartsua izango zanik, lan kontuek lagun bihurtu gaitue eta oso pozik nago.
Ganerakoan, eskertzen deutsut, errealidadeak aginduta Bidaide atalean gorabehera guztiak sartzen itxi deustazulako; bidaia kronikakaz hasi eta Asiagaz lotutako gaietara pasau ginan baina gustora ibili gara eta irakurleek eurek be testuok estimauko zituela espero dot.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!