Parisi omenaldia Musika-Musica 2020 Jaialdian

Bizkaie! 2020-02-12 13:00   Musikea

Martiaren 5ean, 6an, 7an eta 8an izango dira hitzorduak Euskalduna Jauregian.

Bilboko Udalak 2002tik antolatzen dauen Musika Klasikoko Jaialdi hau erreferente bihurtu da estadu mailan, batez beste 35.000 laguneko asistentziagaz eta bertako eta nazinoarteko 800 artista profesionalen eta konserbatorioetako 500 ikasleren parte-hartzeagaz. Horren harian, Bilboko Alkateak azpimarratu dau jaialdi honek herritarrei, bisitariei eta musikako profesionalei eskaintzen deutsen aukerea: Musika-Música aukera parebakoa da Estaduan musika klasikoko esperientzia aparta izateko, maratoi formatuan eta prezio herrikoakaz. Esperientzia horrek erakusten dau zelako garrantzia daben jaialdiak berak eta kultureak Bilboko bultzatzaile ekonomiko eta sozial moduan.

Musika-Música Jaialdiaren bereizgarriak be nabarmendu ditu Juan Mari Aburtok: artista gazteak eta musikari ospetsuak buztartzea eta zaletuak eta adituak alkartzea, ideak trukatu eta esperientziak eta jakintzak kopartiduteko. Aburto alkateak adierazo dauenez, jaialdi hau uriko bizitza kulturalaren erakusgarri aparta da.


Paris helburu dauen programea

Musika-Música 2020k XIX. eta XX. mendeetako Parisera eroango dau publikoa eta bertan nazinoarteko izen handiko interpreteak batuko dira, Berlioz, Saint-Saens, Fauré, Debussy, Satie eta Poulanc, Farrenc, Arriaga, Chopin, Offenbach edo Stravinsky artisten obrakaz.

Frantziako uriburuan bizi izan ziran momentu historikoek lehen mailako kultur gune bihurtu eben uria, topaleku, Europa osoko artistak batu baitziran aukeren eta askatasunaren bila.

Holan azaldu ditu Gonzalo Olabarriak egitarauko ezaugarriak: 88 ekitaldi izango dira, kontzertuak eta musikeagaz lotutako jarduera informatibo eta pedagogikoak, kontzertuak, berbaldiak, antzerkia, familia osoarentzako jarduerak eta umeentzako jarduerak eta, beti bezela, guztientzako moduko prezioakaz (5 eta 12 euro artean), adierazo dau Kultura zinegotziak.

Musika-Música Jaialdiari martiaren 5ean, eguenean, hasiko da, arratsaldeko zortziretan, BOSek, Bilboko Koralak eta Vanessa Goikoetxea sopranoak parte hartuko daben lehen kontzertuagaz, Erik Nielsenen zuzendaritzapean.

Pianoak leku berezia dau egitarauan, lau eskugaz jotako piano kontzertuakaz eta bi pianotarako kontzertuakaz.

Horren erakusgarri da Joaquin Achúcarro maisuaren parte hartzea, lehen aldiz Musika-Músican, kontzertu oso berezi bategaz, izan be, Falla, Ravel, Chopin, Scriabin, Debussy eta Albenizen obrak interpretauko ditu. Era berean, nabarmentzekoa da Katia eta Marielle ahizta frantsesak be gure artean izango dirala, pianoko bikote ospetsuenetako bat egun, Labéque Ahiztak izenagaz ezagutuak artearen munduan.

Izen handiko orkestra eta taldeek be parte hartuko dabe lehen aldiz, besteak beste, Les Musiciens du Louvre, Le Concert Impromptu haize boskotea edo Cuarteto Novus.

Beste momentu parebako bat Luis Fernando Perezek interpretautako Sehaska kantuei eskainitako denporea izango da.

Horrezaz gan, Euskaldunako organoa be protagonista izango da Asturiasko Printzerriko Orkestreak (OSPA) Juan de la Rubiagaz batera emongo dauen kontzertuan, Poulenc eta Saint Saënsen obrak interpretauko baititue.

Musika Musica

Jaialdiak 4.000 minutu musikal eskainiko ditu; horreetan, nazionalidade guztietako 800 artistak eta ibilbide profesional baterako asmoa daben konserbatorioetako 500 ikaslek parte hartuko dabe; 88 kontzertu eta jarduera, kontzertuak, eta 20 piano baino gehiago, horreetatik 5 Steinway muetako isats-pianoak.


Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu