B2 mailara arte euskerea ikastea doban izango da

Bizkaie! 2020-02-12 11:37   Euskerea berbagai

Erakundeen arteko lankidetzeari esker dator neurri barria, oraingoz EAEn.

Gorka Urtaran, Bingen Zupiria, Lorea Bilbao, GarbiƱe Mendizabal eta Lexuri Ugarte (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Erakunde publikoetako entidade ugarik alkarlanean dakarren aurrerapena aurkeztu dabe Bilbon. Euskalgintzako eragileek aspalditik eskatzen dabe euskerea ikastea doban izan daitela, eta B2 mailara arte holan izango da aurrerantzean. Euskal Autonomia Erkidegoko zentroetan izango da doban ikasteko aukerea.

Eusko Jaurlaritzeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta EUDELek hartu dabe parte neurri barria martxan jarteko akordioan. Bilboko agerraldian egon dira Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputadua, Lexuri Ugarte Arabakoa, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoakoa eta Gorka Urtaran EUDELeko presidente eta Gasteizko alkatea.

Herritar guztientzat euskerea ikastea doban izan daiten, erakunde horreen diru-laguntzinoak alkarren osogarri izango dira. Ikasleek baldintza jakin batzuk bete beharko ditue matrikulako diru guztia bueltan jasoteko: Klaseen % 75 edo gehiagotara joatea; eta jagoken mailea gainditzea. Gure ustez, diru-laguntzinoek ikasleen konpromisoagaz lotuta egon behar dabe, adierazo dau Zupiriak. Euskaltegietara joatea eta ikasprozesuan aurrera egitea eskatuko jake.

Erakunde bakotxak diru kopuru bat ipiniko dau, danetara lau miloe euro. Horreetatik hiru laurenak, Jaurlaritzeak. A1 mailatik B2 mailara arte bermatuko dabe, beraz, dobakotasuna. C1 eta C2 mailetarako be badagoz laguntzino publikoak, baina erabateko dobakotasuna ezin dabe bermatu oraingoz.

Zupiria sailburuak azaldu dauenez, neurria eraginkorra izango da euskerearen ezagutzea sustatzen segitzeko: Leku askotan, euskeraz berba egiteko gai diranen kopurua txikia da oraindino, eta ezagutzea indartu behar da. Ezagutzea da erabilerarako ezinbesteko pausoa, eta estrategikoa da bide hori bultzatzea. Gorka Urtaranek ganeratu dauenez, erakunde guztiok alkarlanean bultzada erabagigarria emon nahi deutsagu euskereari.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 103 euskaltegi dagoz eta 35.000 ikasle inguruk emoten dabe izena urtero. Ikasle guztien % 70 inguru B2 mailan edo beheragokoetan dabiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu