Zezeilaren 28an hasiko da Eskolartekoa

Bizkaie! 2020-02-12 10:57   Bertsolaritzea

Bizkaian maiatzean jokatuko da.

Zezeilaren amaieran hasiko da Eskolartekoa: Gipuzkoan izango dira lehenengo saioak eta, udabarrian, gainerako lurraldeetan hasiko da. Bagilean egingo da egun osoko jai-finala.

Oinak buruan eta ideak dilindan: gazteek Euskal Herria bertsoz zipriztinduko dabe aurten be. Lurraldez lurralde, bertsoa txoko txiki eta handietara helduko da gazteen eztarrietatik belarrietara.

32. aldia izango dau Eskolartekoak aurten. Idatzizko zein bat-bateko txapelketak egingo dira aurten be eta, azken urteetako ereduari jarraituta, lurralde guztietan modu bateratuan egingo da. Ikastolen Alkarteak eta Bertsozale Alkarteak gauzatzen ddabe alkarlanean bat-bateko egitasmoa eta 15-18 urteko gazteek hartzen dabe parte.

Bat-batekoari jagokonez, hilebeetako ibilbidea egin eta gero, Euskal Herriko Eskolartekoaren jaia egingo da, bagilaren 13an. Bertan parte hartuko dabe aurretik lurraldez lurraldeko eskolartekoetan kantau daben parte-hartzaileek, kasu gehienetan, probintziako bina ordezkarik.


Zezeilaren 28an, lehen saioa

Haraino heldu aurretik, ostera, lurraldeetan abiatuko dau ibilbidea Eskolartekoak. Hile honetan hasiko da, zezeilaren 28an, Gipuzkoan. Hiru kanporaketa egin eta gero, Lasturren amaituko da apirilaren 3an. Nafarroan be apirilean izango da Eskolartekoa: apirilaren 24an, hain zuzen be.

Maiatzean hainbat lurraldetako gazteek izango ditue eskolarteko saioak: Maiatzaren 24a izango da Lapurdiko, Baxenabarreko eta Zuberoako gazteek egutegian biribildu beharreko eguna; Itsasu bihurtuko da lurraldeotako bertsozale gazteen topaleku. Aurretik be izango da sailkapen saiorik. Bizkaian be maiatzean izango da Eskolartekoa. Lau saioren ostean, hilaren 30ean izango da finala. Araban egun bi hartzen dira, edade ezbardinetako gazteentzat: 14-18 urte bitartekoek maiatzaren 23an ospatuko dabe Eskolarteko jaia, Legution, Bertsoa Bizi Gazte Egunaren barruan; gazteagoek bagilaren 6an ospatuko dabe, Zigoitian.


Eskolartekoa

Helburua gazteei bertsotan egiteko lekua eskaintzea da: alde batetik, etorkizuneko bertsolari eta bertsozaleak trebatzeko plazea sortzea eta, bestetik, gazteen arteko hartu-emon sareak osotzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu